‘Los Cronocrimenes’ filmak emango dio hasiera gaur fantasiazko eta beldurrezko XVIII asteari

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 27a, 02:00

Victoria Eugenia Antzokiko programazioari, ordea, ‘La mujer en la luna’ Fritz Lang maisuaren klasikoak emango dio.

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

GAURTIK datorren larunbatera arte fantasia, beldurra, umorea eta zinea izango dira nagusi Donostian. Aurtengo Beldurrezko Astearen berrien artean Victoria Eugenia Antzokia eskuratu izana da garrantzizkoena, bertan 70 hamarkadako beldurrezko zinemari eskeinitako saila ikusteko aukera izateaz gain, garai horretako zinemarekin zerikusia duen erakusketa izango baitugu ikusgai. Halere, Antzoki Zaharrak Astearen egoitza nagusia izaten jarraituko du, eta programazio nagusia, laburmetraien lehiaketa zein gaueko saioak bertan emango dituzte. Saio bereziak eta haurrentzakoak, ordea, Kursaalean izango dira. Nacho Vigalondo zuzendari euskaldunaren lehenengo luzemetraiak emango dio hasiera ofiziala Asteari. Los Cronocrímenes filma Austineko Terrorezko Zinemaldiaren irabazle izana da orain dela gutxi, eta gaurkoa da hemen ematen den lehendabiziko aldia. Karra Elejalde eta Barbara Goenaga aktore euskaldunak dira filmaren protagonistak. Luzemetrai horrekin batera bi laburmetrai ikusteko aukera izango dugu: Juan Pablo Zaramella animadore argentinarraren Lapsus, eta Samuel Tourneux zuzendari frantsesaren Même les pigeons vont au paradis, hain zuzen. Hau guztia 20:30tik aurrera Antzoki Zaharrean. Gauean berriz, 23:30tik aurrera Masters of horror beldurrezko telesailaren maratoia prestatu dute Astearen antolatzaileek, eta bertan Peter Medak, Dario Argento eta Joe Dante zinegileek osatutako kapituluez gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Victoria Eugenian berriz, programazioari La mujer en la luna klasikoak emango dio hasiera. Fritz Lang maisuaren filme mutu honi Iñaki Salvadorrek jarriko dio musika zuzenean, arratsaldeko 16:30tik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!