Udalak ezezkoa emango dio Akarregin supermerkatua jartzeko eskariari

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 26a, 02:00

Hirigintza Batzordea izan zen asteazkenean, eta zenbait hirigintza eskari aztertu ziren. Zaharren Egoitza haunditzeko obren berri ere eman zen batzordean.

Udalak ezezkoa emango dio Akarregin supermerkatua jartzeko eskariari; horrela erabaki zuen joan den asteazkeneko Hirigintza Batzordean. Marian Beitialarrangoitia Alkatea eta Hirigintzako arduradunak adierazitakoaren arabera, gai honetan herriko merkatari txikien iritzia eskatu dute eta haiek supermerkatua egitearen aurka agertu dira: ´Herriko dendariei supermerkatua egitearen inguruan galdetu genien eta aurka agertu ziren, herrian eta inguruan lehenago ere badaudelako nahiko denda eta supermerkatu`.

Akarregin hotela egiteko kontsultari baiezkoa

Akarregin hotela egiteko aukerari buruz galdegiten zuen beste eskari bat ere bazegoen gai ordenean. Eskari honi baiezkoa eman dio udalak, baina horrek ez du esan nahi hotela berehala egingo dutenik, kontsulta bat besterik ez baita. Union Farmaceutica Gipuzkoana S.A.k egindako kontsulta ere aztertu zuten, Galarretako terreno batzuei buruz, eta horrek ere printzipioz ez duela pegarik izango erantzun dio udalak.

Zaharren Egoitza

Azkenik, Zaharren Egoitza haunditzeko obren inguruko azalpenak eman zituen Alkateak, Hirigintza Batzordean. Adierazitakoaren arabera, hainbat atzerapen eta arazo sortu dira obra honekin. Horren aurrean, arazo horiek konpontzeko ahaleginak egiten ari direla aipatu du eta obrak urtea amaitu aurretik hasi daitezen saiatuko direla ere bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!