PLENOA izan zen ostegunean, eta beste hainbat punturen artean Alkateak oposizioak egindako galderei erantzun zien.
Lehentasunak markatu
Alde batetik, Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramaileak, egindako galderei erantzun zien. Amonarraizek galdetu zuen ia 2007ko aurrekontuan aurrikusitako obraren bat egingo ote den. Marian Beitialarrangoitiak esan zuen aurrekontuak aztertzerakoan ikusi zutela zenbait diru sarrera ez zirela ziurrak: ´baina konturatu gara ez dela soilik zalantza, errealitate bat dela, hiru kontzeptutan (AMR, Txantxilla, eta Karabel) aurrikusitako sarrerak, 3 milioi euro, ez genituela izango`. Horren aurrean, lehentasunak markatzearen alde egin dutela azaldu zuen: ´guk ez dugu agindu ezer ere gelditzeko, guk esan duguna da proiektuak ekartzeko. Gure inpresioa da urte hauetan gauza asko erabaki direla egiteko, baina egin ez direnez, orain denak batera ezin ditugu egin` azaldu zuen. Honakoa ere esan zuen: ´espero dut ez dela inoren asmoa esatea guk ez dugula 2007ko aurrekontua aurrera ateratzeko asmorik. Aurreko legealdietan sartu diren taldeak aurreko gobernuen presupuestoarekin guk izan dugun errespetu maila izatea gustatuko litzaidake, izan ere, ez da beti horrela gertatu`. Horrekin batera, esan zuen La Cumbre eta Etxeberri urbanizatzea izango direla aurtengo lehentasunak. Adierazi zuen beste zenbait proiektutan ere ari direla lanean: Zaharren Egoitza haunditzeko obrak; bide gorriak; Loidi-Otsuenea eremuko argiteria; eta Zinkoeneako urbanizazioa bukatzea, besteak beste. Gai honen inguruan, esan zuen, hilabete gutxi barru, herritarren eta udalaren artean plan orokor bat egin beharko litzatekeela, nolako herria nahi den erabakitzeko eta proeiktu bakoitza zein eperen barruan egin litekeen erabakitzeko. Andoni Amonarraizek erantzun zion Udalak kreditua eskatu dezakeela egiteko dauden zenbait obra egiteko. Esan zuen auzo ezberdinak urbanizatu daitezkeela batera, ´urte askotan ez baita auzoetan ezer ere inbertitu`. Iñaki Arratibelek, EAJko bozeramaileak, gai honen inguruan esan zuen, bere ustez, oraingo gobernuak denbora gehiago eskaini diola AASSak bertan behera uzteari, hauek aplikatzeari baino. Alkateak erantzun zion, ez zuela hori esateko informazio objektiborik. Horrekin batera esan zuen, AASSek hutsune ugari dituztela: ´arau hauek idazten, bere akats eta guzti, 4 urte eman zituen aurreko gobernuak, eta hori 3 hilabetetan ezin da konpondu. Diputazioak ere esan zigun sekulakoa geneukala esku artean`. Iñaki Arratibelek esan zuen AASS-en refundidoa lehen bailehen egiteko, hau da, Diputazioak jarritako baldintzetara egokitutako arauak.
Etxeberriko hitzarmena
Plenoan Etxeberriko hitzarmenaz ere hitz egin zen. Iñaki Arratibelek esan zuen Plenoa dela erabakiak hartzeko gunea eta erabakiak errespetatu egin behar direla. Alkateak erantzun zuen, teknikoak, Etxeberriko hitzarmena aztertzerakoan, konturatu zirela prozedura ez zela behar bezala egin eta ondorioz ez zuela baliorik: ´hori dela eta hitzarmena berraztertu egin genuen eta guk egokiak ikusten genituen gauzak planteatu` esan zuen. ´Prozedura gaizki egoteaz gain hitzarmen honetan gehiegikeria batzuk ere jasotzen zituela konturatu ginen` gehitu zuen ´esaterako, auzoari 150.000 euro ordaintzea, hau edo bestea egiten ez bada. Zer pentsatuko dute beste auzoetako bizilagunek?`.
Atentatuaren inguruko deklarazio instituzionala
Bozeramaile Batzordeak azken atentatuaren inguruan onartutako deklarazioaz eta EAEk aurkeztutako testuaz ere hitz egin zen Plenoan. Eztabaida izan zen Alkatea eta EA eta PSE-EEko bozeramaileen artean puntu hau plenoan aztertu behar zen ala ez. Azkenean, botazioa egin ondoren onartu egin zen Plenoan gai hau sartzea eta Bozeramaile Batzordeak onartutakoa ratifikatu zen, hau da, EAJ-EA-PSE-EB-PPk adostutako testua onartu zen. EAE abstenitu egin zen bozketan, ´ez dugulako atentatuaren inguruko gaitzespen hutsa egin nahi; beste gertaera batzuk ere izan ziren, atxiloketak eta abar, eta guk egoera orokor baten aurrean irtenbide orokor bat behar dela uste dugu` esan zuen Alkateak. EAEk eskatu zuen beste testua ere Plenoko aktan jasotzea.
Tasak eta prezio publikoak
Gai ordenean zeuden puntuen artean onartu egin zen taxi tarifa eta prezio publikoak eta tasak (bineta, ikastaro publikoak...) KPIa igotzea, %2.7. Zaborren zerga 9 euro igoko da. Kiroldegia ekitaldiak egiteko erabiltzerakoan, emanaldiak irauten duena bakarrik ordainduko dela ere erabaki zen, bai taldeen eta bai partikularren kasuan.