Hitzaldiak, emanaldiak, azoka eta jan-edana bihar hasiko den Ereñotzuko kultur astean

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 23a, 02:00

XIX. edizioa izango du aurtengo Ereñotzuko kultur asteak eta bihartik datorren asteazkenera bitartean ia egunero izango da ekitaldiren bat.

Alzheimerrari buruzko hitzaldia

Urtero prestatu ohi dute Ereñotzun osasunaren inguruko hitzaldiren bat eta aurtengoan Alzheimerraren inguruan izango da. Igone Etxeberria psikologo hernaniarra izango da hizlaria. Etxeberriak hainbat azterketa egin ditu gaixotasunaren inguruan eta bihar 20:00etan Txirrita eskolan azalduko ditu horietako batzuk. Ostegunean berriz, Ibon Zapiainek Hego Ameriketan barrena bizikletan egindako bidaiaren diapositibak ikusi ahal izango dira, ordu eta leku berean. Ostiralean arratsaldeko 17:00etan Partxis lehiaketarekin emango zaio hasiera asteburuko ekitaldi zerrendari.

Edan ase arte, bi auzotarren emanaldia

 Ostiral iluntzean emanaldi berezia eskainiko dute Mikel Peruarena eta Txus Aranburuk. Edan ase arte emanaldian, Mikel Peruarenak berak idatzitako poesia errezitatzen du Txus Aranbururen musikaren laguntzarekin. Ekitaldi berezia izango da hau ereñotzuarrentzat eta protagonistentzat, bai Mikel eta bai Txus bertakoak baitira. Emanaldia Ur Mia Elkartean izango da, gaueko 22:30etan.

Bigarren eskuko azoka

Igandea haurrei zuzendutako ekitaldiekin hasiko da, eskolan murala egingo baitute eta ondorenean, Pello Añorgaren ipuiak izango dira. Arratsaldean, auzoan bildutako traste, erropa eta abarrekin bigarren eskuko azoka izango da. Larunbat eguerdian bilduko dituzte eskolako arkupetan jendeak botatzeko edo sobrante dauzkan gauzak eta igandean salgai jarriko dituzte. Azokaren inguruan urtero bezala auzoko sagardoak dastatzeko aukera izango da gaztain erreekin lagunduta. Baina horrekin bakarrik ez dira beteko inguratzen direnen sabelak; postre lehiaketa ere izango da, eta epaimahaikoek bere lana egin ondoren aurkeztutako postreak probatzeko aukera ere izango du jendeak. Bertso afariarekin errematea Astelehenean beste hitzaldi batean 3. adineko pertsonentzako dauden zerbitzuen berri emango da. Aurtengo Kultur astea bertso afariarekin bukatuko da. Urriaren 31n, asteazkenean, Ur Mia Elkartean Ereñotzu eta Hernaniko bertsolariak zein baino zein ariko dira. Txartelak Ur Mian eta Irrintzin.

Ereñotzuko XIX. Kultur Asteko programa

Urriak 24, asteazkena 20:00etan Hitzaldia: Alzheimerra. Igone Etxeberria Psikologoaren eskutik. Txirrita eskolan.

Urriak 25, osteguna 20:00etan Hego Ameriketara bidaia. Diapositiba emanaldia. Txirrita eskolan.

 Urriak 26, ostirala

17:00etan Partxis lehiaketa.

22:30etan Edan ase arte. Mikel Peruarena eta Txus Aranbururen, poesia eta musika emanaldia. Ur Mia elkartean.

 Urriak 28, igandea

10:30etan Mural pintaketa.

12:00etan Pello Añorga Ipuin kontalaria.

17:00etan Auko festa: Bigarren eskuko azoka, postre lehiaketa, auzoko sagardoa eta gaztain erreak. Plaza txikian.

Urriak 29, astelehena 20:00etan Hitzaldia: 3. adinekoentzat zerbitzuak.

Urriak 31, asteazkena Bertso afaria. Ereñotzu eta Hernaniko bertsolariekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!