XALAPARTA elkartean 13garren sagardo txapelketako afaria izan zen larunbat gauean. Menu goxoaren inguruan ehun lagun inguru bildu ziren afaritarako, sagardo txapelketan parte hartutako sagardo ezberdinak dastatu eta puntuazioa ematera. Aurkeztutako sagardoak izan ziren: Alberro, Altzueta, Eula, Elutxeta, Elorrabi, Iparragirre, Oiarbide, Otsua-enea, Setien eta Zelaia. Bildutako lagunen puntuazioaren arabera Zelaiakoa izan zen atzo sagardorik goxoena, 1.348 punturekin. Bigarren Setien izan zen, 1.311 punturekin; eta hirugarrena, Elorrabi 1.287 punturekin. Ohitura den bezala, Aterpe eta Garin bertsolariek iragarri zituzten, bertsotan, sagardo sarituak, berezkoa duten graziarekin.
Omenduak
Larunbat gaueko afarian Iñaki Aginagalde eta Gerardo Plaza hildako bazkideak omendu zituzten, Xalapartako sagardo lehiaketaren bultzatzaileak izan baitziren. Omenaldian, Mª Carmen Puertas eta Mayi Ugartemendia senitartekoek jaso zituzten haien omenezko plakak eta loreak, afarian bildutakoen txalo artean.