Espainiako gerra zibila bukatu ondoren, nik zazpi urte nituen, eta Hernaniko Plazan (horrela deitzen genion gaurko Gudarien plazari) Elizaren ondoan eta Joakin Zubeldiak zeukan ile-apaindegiaren artean, harrizko banku bat zegoen. `Banco azul` deitzen geniona.. Jarri zutenean, baliteke urdina izatea, baina guk ez genuen ezagutu. Gure garaian gris hutsa zen. Haren inguruan elkartzen ginen ia egunero. Batzuk bankuan eserita, besteak eskaileretan eta azkenak, zutik. Eta han, egiak eta gezurrak (gehienak) kontatzen denbora dezente pasatzen genuen. Gaur egun bankua ez dago. Kendu zuten. Gure artean pertsona ospetsuak zeuden: José Sagarna eta Jacinto Santin, boxeolaria. Bereziak ziren. Beste batzuk, agian, bereziak izango ziren ere, baina niretzat bi horiek ziren berezienak. Artistak ziren! Behin batean, Jacinto egunkari batekin azaldu zen, eta ireki ondoren irakurtzen du: `Lasarteko aireportuan hegazkin alemaniar batek nahitaezko lurreratzea izan du`. -`Hori ikustera noa!` esan zuen. Eta korrika eta presaka etxera joan zen. Joxek ere horixe egin zuen. Besteak, berriz, zalantzan gelditu ziren, baina ordu erdi bat geroago, Joxeren etxera joatea erabaki zuten. Deitu, eta Joxeren ama: - `Etxean ez dago. Lasartera zihoala ezan dit`. Garai hartan Lasarteko bidea oinez egiten zen, normalki Sorgintxulotik, Jauregira eta abar, errepidea erabili gabe. Lasarteko Aireportua, gaur egun desagertuta, txikia zen, baina bere lana egiten zuen. Jendea Lasarteko bidea hartzen hasi zen. Ahoz ahoka zabaldu zen berria. Baina, Lasartera iristean, konturatzen ziren adarra jotzea besterik ez zela eta berriz Hernaniko bidea hartu behar. Okerrena izan zen, bidean Lasartera zihoazen jendeari, ez ziotela egia esaten. Gero eta gezurra handiagoak esaten zituzten. Alemaniar bat zaurituta omen zegoela, eta abar. Nik zorte ona izan nuen. Etxean ez zidaten baimenik eman Lasartera joateko. Xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, Joxe Sagarnari galdetu. Andre Kalean bizi da. Nik baino hobeto kontatuko dizue. Nahiz eta gezur galantak esan, hau egia da. Ni lekuko naiz, eta ez naiz gezurtia, edo bai?
Manolo Adarraga, Txokolo