Gatazkei irtenbidea bilatzeko tailerrak antolatu dituzte, aurten ere, gurasoentzat

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 21a, 02:00

ETXEAN eguneroko bizitzan sortzen diren gatazkei irtenbidea ematen laguntzeko tailerrak antolatu dituzte seme-alabak eskola adinean dituzten gurasoentzat. Ekimena Hernaniko Udalak eta herriko ikastetxeek atera dute aurrera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta dagoeneko laugarren ikasturtea da tailer hauek martxan jartzen direla. Lucia Gorbeña, GEUZ elkarteko kidea denak, eta tailerreko irakasle eta bultzatzaileak azaldutakoaren arabera, tailerren helburua da gurasoei tresnak eskaintzea gatazkak modu positiboan gainditzeko, ´seme-alaben parte hartzea bultzatzea da helburua, gatazken konponbidean beraiek ere inplikatuta` azaldu du. Oinarrizko tailerra eta tailer aurreratua Bi tailer antolatu dituzte, oinarrizkoa hutsetik hasi diren gurasoentzat eta aurreratua, gai honen inguruko formazioa jaso edo oinarrizko tailerra egin duten gurasoentzat.

Oinarrizko tailerra, azaroaren 7, 14, 21, 28 eta abenduaren 5, 12, 17 eta 19an izango da, arratsaldeko 14:30etatik 16:30etara. Dinamizatzailea Libe Yurrebaso izango da. Tailer honetan gatazkak zer diren aztertuko da, eta hobeto komunikatzen saiatuko dira. Horrez gain emozioak bideratzen irakatsiko dute eta baita negoziatzen ere.

Tailer aurreratua, egun berdinetan izango da, baina arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Dinamizatzaileak Asun Berasategi eta Lucia Gorbeña izango dira. Tailer honetan gatazkei irtenbidea bilatzeko gaitasuna eta praktikan sakonduko dute: bi semeen arteko bitartekari lanak egiten irakatsiko dute adibidez, eta baita familiako bilerak egiten ere, besteak beste.

Ohiko gatazkak
GEUZeko kidea den Lucia Gorbeñari etxean izaten diren ohiko gatazkengatik galdetuta, azaldu du aztertzen diren gatazkak etxe barruan egunerokotasunean sortzen diren gatazkak direla. Adibide moduan honako hauek aipatu ditu: garbitasuna eta etxean egin beharrekoen inguruan sortzen diren gatazkak; etxera bueltatzeko ordutegia eta lagunen inguruko gatazkak; eta haur txikien kasuan, erritmoa, arropa eta jateko orduetan sortzen diren gatazkak.

Izena emateko
Ikastaro hauetan izena emateko orriak banatuko dituzte herriko ikastetxeetan. Orri horiek bete eta ikastetxera eraman beharko dira. Telefonoz jakinaraziko dute eskariak onartu dituzten ala ez. Ikastaroetan izena ematea debalde da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!