-Erreportajea: UrkoApaolaza-
ZUEK zarete munduko argia. Izenburu horixe izango du gaur zortzi Vatikanoan egingo den zeremoniak. Espainiako Apezpikuen Biltzarrak sustaturik Gerra Zibilean ´pertsekuzio erlijiosoaren biktima` izan ziren 498 elizgizon beatifikatuko dituzte egun horretan. Ekitaldiak zeresan eta eztabaida ugari sortu du, izan ere, Memoria Historikoaren Legea onartzeko zorian dagoen honetan egingo baita, eta horrek errezeloa piztu du, Elizak Zapateroren gobernuari emandako erantzuna izango ote den. Baina apezpikuen bozeramaileek ideia hori errotik ukatu dute, ekitaldia ´agenda politikotik` kanpo dagoela esanez eta beatifikazio prozesua duela urte dexente hasi zela argudiatuz. Kasualitatea dela, alegia. Jakina, sektore ezkertiarrenek ez dute matraka hori sinestu (ezta Eliza barruko hainbat talde aurrerakoiek ere). Elizako hierarkiak Memoria Historikoaren Legeari egindako kritika atzerakoiek, Toledoko edo Iruñeko apezpikuen adierazpenek, eta erakunde katolikoak frankismoarekin izandako lotura estuak, garbi erakusten dute igandeko ospakizun erlijiosoa intentzionalitate osoz egingo dela. Guztiarekin, milaka erromes joango dira Vatikanora, elkarte ultrakatolikoak aspaldi hasi ziren bidaia prestatzen eta fededunen artean mezua zabaltzen. Han izango dira apezpikuak, agintari eta politiko eskuindar ezagunak... Espainia erreakzionarioaren ordezkaritza zabala.
Abertzaleek martiriorik ez
Santu izateko hautagai diren bostehun lagun horien aurretik, Elizak beste ziento batzuk beatifikatu ditu jadanik 1987tik hona. Guztiak Errepublika garaian eta gerra urteetan ezkertiarrek erailak dira, ´Evangelioaren lekuko heroikoak`, dio apezpikuen mezuak. Baina diskurtso gloriatsua airean desegiten da hutsune ageriko baten aurrean: Non daude frankistek fusilatutako euskal apaizak? Interneteko foro eta blogei kea darie gai honekin. Beatifikatuko dituzten elizgizonak ´fedeari zaion gorrotoagatik` hil omen ziren eta horregatik dira martiri Elizarentzat. Aldiz, gure hilerriko hormetan fusilatutako apaizek ´abertzaletasuna gainjarri zioten fedeari`, eta horregatik ez omen zen martirioa haien heriotza, horregatik itxi dizkiete San Pedroko ateak. Ez dago dudarik arrazonamendu subjektiboa eskubide kanonikoaren jantziarekin estali dutela, erabaki hipokrita hau araudi batekin zuritu nahian. Non jartzen du ezkertiarrek egindako erailketek ez zutela motibazio politikorik atzean? Nork dio Jose Adarraga hernaniar apaizak edo Aitzol-ek ez zutela fedea lehenetsi ideien gainetik?
Hamasei apaiz, fede bakarra
Martin Lekuonari kaleko arropak jazteko agindua eman zioten atxilotu aurretik; sotanaren ordez oskola ikusten zuten, dirudienez, bere hiltzaileek. Egun batzuk lehenago ihes egiteko abisua pasa ziotenean zera erantzun zuen: ´Nik ez diot inori kalterik egin`. Errenteriko parrokiara iritsi berria zen eta bertan geratzea erabaki zuen. Lehenengo Errenterian egon zen preso, Gerbasio Albisu koajutorearekin, eta gero Ondarretara eraman zituzten biak. Urriaren 7an zaindari bat sartu zen ziegan, libre zeudela esanez. Familiek ez zuten harez geroztik haien berri jakin. Hernanin fusilatu eta hilobiratu zituzten, beste 14 pertsonekin. Hernaniren izena eta apaizen izana tragedia batek lotu zituen betirako. Izan ere, frankistek Euskal Herrian fusilaturiko elizgizonen erdia hemengo hilerrian lurperaturik daudela uste da. Beste lauk Oiartzunen behar dute izan, horien artean Iturricastillo abade elgetarra, hildakoen artean azkena eta Artikutzarako bide bazterrean lurperatua (gaur egun Oiartzungo hilerrian daude bere gorpuzkinak). Oiartzunen hildako gainerako gotzaiak arrasatearrak dira. Horietaz gain, beste lau elizgizon hil zituzten La Guardian, Markinan, Iruñean eta Zornotzan. Gertaera haien testiguek eta kronikek diote apaiz batzuei dirua eta ondasunak ostu zizkietela, beste batzuei aitortza egitea ukatu zieten, jipoituak izan ziren hil baino lehen... Azken batean, martirizatuak izan ziren.
Mendikute eta Adarraga
Hernanik baditu bi gotzai-martiri Vatikanoan beatifikatuko ez dituztenak: Alejandro Mendikute, jaiotzez Altzakoa, baina Hernanira oso lotua; eta Jose Adarraga. Mendikute bitan izan zen atxilotua. Lehenengoan, bere anaia Miguelek (Hernaniko parrokoa) libre uztea lortu zuen, bigarrenean aldiz, ez zuen horrelako zorterik izan. Antza, Segurako mitin nazionalista batean egindako deklarazioengatik atxilotu zuten. Irain artean eraman zuten Ondarretara eta egun batzuen ostean Hernanira ekarri zuten fusilatzera, Jose Otano apaizarekin, urriaren 23an. Badirudi, elizgizonak fusilatzaileak barkatu eta haien alde otoitz egin zuela hil aurretik. Ez al da hori, Elizaren arau sakroen arabera, martiri izateko baldintza? Mendikuteren heriotzaren berri segituan jakin zen herrian, eragin handia izan zuen fusilaketa hark eta gaur arte iritsi dira horren inguruko kontakizunak. Don Miguel parrokoak bere anaiaren gorpua hilobi komunetik atera eta familiako panteoian sartzea lortu zuen. Hurrengo hilabete eta urteetan, Miguel Mendikutek diktaduraren aldeko sermoiak bota behar izan zituen, bere anaiaren oroimenaren gainetik. Jose Adarragak ez zuen inolako ideologia politikorik. Villabonarra zen, baina urte askoan Mexikon egin eta gero Hernanira etorri zen bizitzera. Bere fusilaketa erabat isilpean geratu da, ezer gutxi daki inork horri buruz. Familiako kide batzuk errepublikarrak ziren eta horri eutsi izan zaio elizgizonaren hilketa azaltzeko. Aitzaki merkea, nolanahi ere. Atsegindegin, Kursaalen eta Ondarretan preso egon ostean, Hernanin hil zuten Aitzol apaiz ezagunarekin eta Galerna barkuan harrapatutako hainbat kiderekin batean.
Behin fusilatu eta bi alditan ahaztuak
1936ko udazkenean ehundaka lagun fusilatu zituzten. Ekintza arbuiagarria izan zen hura, baina hildakoen artean erlijiosoak egoteak ´eskandalu` bihurtu zuen gertakizuna. Elizako hainbat sektoretatik heriotza horien salaketa zuzenak egin ziren bitartean (Mateo Mugika apezpiku erbesteratuak, adibidez), beste batzuek diskrezio gehiagoz eskatu zioten Francori fusilaketekin amaitzeko. Errugabeen heriotza baino, Elizaren autonomia zegoen jokoan haientzat. Gomá kardinaleari fusilaketak berehala ´moztuko` zituela agindu zion Francok. Izan ere, altxamenduak zuen gurutzada izaera, kolokan jartzen zuten horrelako ekintzek. Horrela, Gipuzkoako agintari militarrak kargutik kentzearekin amaitu ziren krimen gehienak. Baina ordainetan fusilatuen oroimena lurperatuta geratu zen. Ez hileta, ez omenaldi eta are gutxiago beatifikaziorik. Beste bandoan hildako erlijiosoek aldiz, badute hilarria, frankismoaren urte luzetan oroituak eta aitortuak izan dira. Orain, Vatikanoan heroien modura goratuko dituzte. Eta bitartean, hemengo apaiz fusilatuak berriz ere abandonatuko dituzte, duela 70 urte erabilitako arrazoi berdinak erabiliz gainera, inongo konplejurik gabe, inongo lotsarik gabe.
Memoria Historikoaren Legea, merkrominarik gabeko sendagaia
MAYOR Orejak egindako deklarazioek hautsa harrotu dute: ´Frankismoa aparteko lasaitasun garaia izan zen`, esan zuen Alderdi Popularreko buruzagiak. Bera eta bere ingurukoak nondik datozen eta nola pentsatzen duten inoiz baino ageriago geratu da hitz horiekin. Eskuindarrei Memoria Historikoaren Legea deseroso egiten zaie, inoiz ordaindu behar izan ez duten erru baten erantzule bihurtzen baititu.
´Itxitako zauriak irekiko ditu` diote batzuek, ´irekitako zauriak itxi` besteek. Ez bata ez bestea, irekitako zauriak irekita utziko ditu Lege honek, merkrominarik gabeko sendagaia hitzartu baitu Zapaterok.
Garbi dago Gobernu hau Elizaren beldur dela gizarte zatiketaren bezala. Horregatik, gerrako biktima batzuen senideek epaitegietan borrokatzen eta bide bazterretara begiratzen jarraitu beharko dute, beste biktima batzuen senideak Vatikanora alfonbra gorriz sartuko diren bitartean.