Gurasoentzako tailer eta tertuliak antolatu ditu aurten ere Ongintzako Prebentzio Zerbitzuak

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 21a, 02:00

ongintza Patronatuko Prebentzio Zerbitzuak, herriko ikastetxe ezberdinetako guraso elkarteekin elkarlanean, gurasoentzako heziketa programa jarri du martxan, seme alaben heziketan orientazioa eskaintzeko helburuarekin. Aurten 17garren urtea da programa hau aurrera ateratzen dela.

Bi tailer eta tertuliak
Batetik, Nerabezaroa eta familia tailerra antolatu dute eta dagoeneko martxan dago. Jakinarazi dutenez, oraindik ere badago aukerarik parte hartzeko. Horretarako astelehenetan arratsaldeko 15:00etatik aurrera Biterira joan besterik ez da egin behar. Tailerra Koro del Pozo psikologoak dinamizatzen du. Beste tailer bat ere badago, Haurtzaroa eta familia izena duena eta urriaren 25ean hasiko da, arratsaldeko 14:45etan, Biterin. Ikastaroa hamabostean behin izango da eta Garbiñe Merino pedagogoak dinamizatuko du. Ikastetxeetan topaketak eta tertuliak ere egingo dira kurtsoan zehar, hauen inguruko informazio zehatzagoa (egunak, ordutegia....) ikastetxe eta hedabideen bidez jakinaraziko dute. Prebentzio Zerbitzuak interesa duten herritar guztiak gonbidatu ditu programa honetako tailer ezberdinetan parte hartzeko.

Iazko datuak
Prebentzio Zerbitzuak iazko programaren inguruko datuak eman ditu: 53 familia izan ziren haurtzaroaren inguruko tailerrean, 160tik gora familia prebentzioaren inguruko tertulietan, 24 familia autoestimari buruzko kurtsoan, 400 familia inguru ikastetxeetan antolatutako topaketa eta tertulietan, eta 87 familiak jo zuten Prebentzio Zerbitzura aholkularitza eske.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!