Etxeberriko auzo elkarteak eta Udalak joan den legealdian hitzarmena sinatu zuten. Etxeberriko berrurbanizazioa eta etxe berrietatik Politena etxeko terrenoetan barrena bide berri bat egiteko konpromisoa jasotzen zuen hitzarmen horrek, besteak beste. Udal gobernu taldea hitzarmeneko zenbait puntu berraztertzearen alde agertu da eta honek eztabaida sortu du. EAJko bozeramailea den Andoni Amonarraizek gai honen inguruko bere iritzia plazaratu du, eta erabakiarekin harrituta dagoela adierazi du: ´Azpimarratu nahi nuke Udalak hartutako erabakia dela, eta instituzio publiko garrantzitsua den aldetik, uste dut hartutako erabakiak onartu egin behar liratekeela, hitzarmenaren sinatzailea dena dela`.
Andoni Amonarraizek galdetu du ia azken lau urteetan egindako guztia berraztertuko ote den: ´Ez dakit azken lau urtetan egindakoa luparekin begiratuko den eta geldiarazi daitekeen guztia geldituko den, korporazio berriaren kutsua emateko; edo dena atzeratzea bilatzen den, edo hitzarmen hau besterik ez den aldatuko. Denborak esango du. Uste dut ordezkatzen ditugun instituzioei estimu haundiagoa izan behar zaiela, eta baita hartzen diren erabakiei ere`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!