Hernani eta inguruko herriak dira sagardo munduaren muina, eta sagardoaren bueltan ekitaldi asko antolatzen da. Hernanin, esaterako, hiru elkartek antolatzen dituzte sagardo lehiaketak, inguruko sagardotegietako sagardorik onena aukeratzeko aitzakiarekin, sagardoaren ezaugarriei buruz iritziak elkartrukatzeko aukera paregabea.
Gaur, Xalapartaren txanda
Txantxangorri elkarteko txapelketa pasata Xalapartaren txanda da gaur eta bertan 10 sagardotegietako sagardoa izango dute puntuatzeko afaltzeko izena eman dutenek: Alberro, Altzueta, Eula, Elutxeta, Elorrabi, Iparragirre, Oiarbide, Otsua Enea, Setien eta Zelaia. Atzera begira jarriz gero, iaz ez zen izan txapelketarik Xalapartan, eta orain bi urte, 2005ean, Altzuetak irabazi zuen. 2004an, Zelaiak; 2003an, Eizmendik eta 2002an, Otsua-Eneak.
Plaza eta Aginagalde gogoan
Gerardo Plaza eta Iñaki Aginagalde izan ziren sagardo lehiaketa honen sortzaileetakoak eta gaur beren omenezko plakak entregatuko dira.