Enara Agirrezabalak gaur hasiko ditu Espainiako Txapelketako frogak

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 20a, 02:00

ENARA Agirrezabalak Espainiako Txapelketako frogak hasiko ditu gaur, Lorcan (Murtzian). Atleta hernaniarrak kadete mailako 300 metro eta luzera jauzian hartuko du parte eta froga bezperatan Kronikari azaldu dionez, gogoz eta ilusio haundiarekin dago. Hala ere, esan beharra dago Espainiako txapelketa uda aurretik zela jokatzekoa, Enara Agirrezabala oraindik ere kadetea zenean, baina azkenean frogak urrira atzeratu dituzte, eta jubeniletara pasa berria den atleta nahiko hotz harrapatu du: ´udan ez dut entrenatu eta orain denboraldi hasieran izango da txapelketa. Hasieratik hastea bezala izan da, hala ere frogak ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz eta baita ondo pasatzen ere` azaldu du.

Markak eta dominak
Enara Agirrezabalak luzera jauzian 5 metro eta 27 cm. marka du eta CD. Hernaniko marka egiteko 3 cm besterik ez zaizkio falta. Bere mailan, Espainia mailako 6garren marka onena du. 300 metrotan, bere marka pertsonala 42,58 segundukoa da, Espainia mailako 11garren marka onena. Aurtengo Euskal Herriko txapelketari dagokionean Enara Agirrezabalak luzera jauzian urrea eta 300 metrotan zilarra lortu zituen, pista irekian. Pista estalian aldiz, luzera jauzian zilarra, 300 metrotan urrea eta jauzi hirukoitzean brontzea lortu zituen. Hala ere, Enara Agirrezabalak garbi utzi du ez duela ranking eta marka hauekin obsesionatu nahi eta bera bere lana ahalik eta txukunen egiten saituko dela azpimarratu du.

Nerbioek tragu txarra
Iaz, Espainiako Txapelketan egindako lanagatik galdetuta, ez zela oso gustora geratu erantzun digu: ´nerbioek gainditu egin ninduten. Ez nituen aukerak garbi ikusten eta urduri jarri nintzen. Gero jendeak ere esaten zidan aldez aurretik marka ona egin nezakeela, eta horrek ere urduri jarri ninduen` azaldu du. Hori dela eta aurten helburu jakinik markatu gabe joatea erabaki du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!