Etxeberriko Auzo elkarteak eta Udalak konbenio bat sinatu zuten 2007ko apirilaren 13an. Hitzarmen horrek, besteak beste, biltzen ditu Etxeberriko berrurbanizazioa, eta etxe berrietatik Politena etxeko terrenoetan barrena bide berri bat egiteko konpromisoa. Udal Gobernuak azpimarratu du, Konbenioa onartu zenean ez zela erakusketa publikoan jarri eta legeak hala eskatzen duela. Horrez gain, hitzarmenak biltzen dituen zenbait puntu ´Udal baten interes orokorraren ikuspegitik defendatu ezinak` iruditu zaizkio Gobernu Taldeari. Marian Beitialarrangoitia Alkateak azpimarratu du batipat badela puntu bat onartezina: konpromisoak epetan bete ezean Udalak Auzo elkarteari 150.000 euro ordaintzearena. Konbenioak jartzen du urbanizazio obrak 2007an hasiko direla, baina hori ezinezkoa dela dio Alkateak: ´Nire ustez, konbenio hau sinatu zuenak bazekien urbanizazio obrak ezin zirela hitzartutako epeetan sartu, baina hala ere sinatu egin zuten. Eta orain zer, gainerako auzo guztietako herritarrek ordaindu behar dizkiote Etxeberriko auzo elkarteari 150.000 euro horiek?`.
Urbanizazioa Marian Beitialarrangoitia
Alkateak azpimarratu du Etxeberriko berrurbanizazioa egingo dela, horretarako konpromisoa hartzen dutela, baina 2008 bukaera ingurura arte behintzat ezingo direla hasi: ´Aurreko legealdian onartu ziren berrurbanizazio ugari, baina gauzatu ez, eta orain gauzatu egin behar dira, lehentasunak jarrita. Eta Etxeberrikoaren aurretik La Cumbrekoa egin beharra daukagu premia haundiagoa du eta`. La Cumbrekoa 2008 hasieran hasiko dela dio Alkateak eta ondorenean etorriko dela Etxeberriko berrurbanizazioa. Bide berria Etxeberriko etxe berrietara (Politena atzekaldean daudenetara) sarrera frontoi ondoko bidetik dago orain, eta konbenioak biltzen du bidea Politenako terrenoetan barrena azpikaldeko bidera ateratzea. Udal Gobernu taldeak azpimarratu du teknikoki arazoak daudela bidea egiteko eta ibiliko den trafikoaren arabera justifikazio haundirik ez duela. Hala ere, aukerak aztertzeko prest daude Kronikari esan diotenez.
Konbenio proposamena
Udal Gobernu Taldeak, Etxeberriko auzo elkarteak eta ARIN eraikuntza enpresak bilera bat egina dute eta Udalak azaldu die bere ikuspuntua. Gobernu Taldeak azpimarratu duenez, datorren astean emango diote auzo elkarteari beste hitzarmen baterako borradorea. Azpimarratu nahi izan duten beste gauza bat da auzotarren bilera batera joateko prest daudela, auzotarren proposamenak entzun eta Gobernu Taldearen ikuspuntua azaltzera.