Bihar hasiko dute eskola kirola Hernaniko 700 neska-mutil inguruk eta maiatzaren 31ra arte ia larunbatero izango dute kirol bat edo beste. Izan ere, eskola kirolaren helburua ez da errendimendua bilatzea edo kirol bakarrean gazteak trebatzea, kirol desberdinak probatu eta parte hartzea bultzatzea da helburu nagusia, Kirol Patronatutik Kronikari adierazi diotenez. Hernanin aukera zabala izaten dute, benjamin, alebin, infantil eta kadeteek: futbola, saskibaloia, pelota, boleibola, errugbia, atletismoa, gimnasia erritmikoa, igeriketa, aerobic-a, judoa, herri kirolak, mendizaletasuna...
Benjanmin eta alebinak
Berez 8 urtetik 14 urte arterako neska mutilentzat izaten da eskola kirola, gutxi gora behera. Baina Foru Aldundiak kirol bakoitzeko federazioarekin hitzartua dauka zein adinekin federatu litezkeen kirolariak eta infantil batzuk eta kadete gutxik hartzen dute parte eskola kirolean. Benjamin eta alebinek, berriz, kirol guztiak edo gehienak probatzen dituzte.
Herriz herriko aldaketak
Foru Aldundiak programa eredu bat egina du eta herriz herriko Kirol Patronatuak eta ikastetxeak dira programa hori herrira egokitzen dutenak. Hernanin, antolatuta dauden kirolak dira eskola kirolean egiten dituzten gehienak, eta klubak berak izaten dira laguntza ematen dutenak. Berezi bezala, herri kirolena aipatu liteke Hernanin, oso herri gutxi baitira herri kirolei horrelako tratamendua ematen dienak, eta umeei zuzendutako horrelako materiala dutenak.
Aurre benjaminek igeriketa
Eskola Kirola benjaminetatik aurrerako gazteentzat bada ere, aurre benjaminek ere hartzen dute parte, igeriketa bultzatzeko kanpainaren barruan. 6 eta 7 urteko neska-mutilek igeri ikasteko klaseak izaten dituzte.