Zein da zure pertsonajea, zein ezaugarri ditu? Nire pertsonajeak Valentin izena du. Herentzi bat jaso du eta ondorioz diru dexente du, zorte kolpea izan du, eta lanik egin gabe bizi da, ederki bizi gainera. Horrela segitzeko asmoa du. Gimnasiora joaten da, denborapasa, eta buruari esaten dio ´gaurtik aurrera serio hasiko naiz`. Bertan aurkitzen den gazte batekin egiten du topo, eta honek ez du lanik, ez du xoxik eta gainera artista izan nahi du. Kurrikulumak bidaltzen ditu leku batera eta bestera, baina ikusten da ez duela lanerako presik. Urteak daramazki gimnasiora joaten, ia forman jartzen den, lanen bat ateratzen zaionerako.
Esfortzuak eta gauzak lortzeko izerditu behar hori da antzerkiaren gaietako bat ezta?
Gimnasioko egoera bizitzako egoera metaforikoa da, lanaren inguruan, gauzak lortzeko arriskatu beharra dagoela eta esfortzua beharrezkoa dela nahi dena lortzeko. Nahiz eta kosta saiatu egin behar dela. Kolore haundiko antzerkia da, bizia, denbora guztian aktoreak izerditan ikusten dira, nik uste dut antzerki ikusgarria dela, jasangarria izateaz gain (barrez).
Zein harrera izan du antzerkiak, orain arteko emanaldietan?
Hogei emanalditik gora egin ditu eta jendeak gustora ikusi du eta barre egin du. Antzerki arina da eta eraman erraza. Aurretik egin genuen antzerkia, Erreleboa izenekoa, nahiz eta komedia klabean izan sakonagoa zen, eta gordinagoa ere bai. Bota patsa, eramangarriagoa da eta jendea ere hortara etortzen da, momentu on bat pasatzera eta batez ere barre egitera. Emanaldi batean ikusle batek esan zidan, ´behar nian, lanetik atera eta barre pixka bat egin`.
Joseba Usabiaga eta biok lehenago ere egin duzue lan elkarrekin, Erreleboa antzezlanean, gustora zabiltzate elkarlanean, ezta?
Biek aspalditik ezagutzen dugu elkar. Gustora ibiltzen gara. Antzerki obra batek lan haundia eskatzen du, entsaioak, elkarrizketak moldatu, eta abar, elkarlan haundia egin behar da. Zortea izan dugu elkar topatzen, asmatu egin dugu, elkarrekin eroso sentitzen gara eta hori taula gainean nabaritu egiten da.