«Hamazazpi urte arte, Hernanira ez ginen igo ere egiten»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abu. 28a, 02:00

Portuko jai batzordeak prest ditu auzoko festak.

San Joanak bukatuta hasi ziren el­kartzen, eta uztail bukaeran pro­grama eskutan zuten, da­goe­­neko. Azkar egin dituzte lanak, izan ere aspalditik ari di­ra auzoko festak antolatzen, eta badakite nondik nora jo. Gazte koadrila honek 20 urte daramazki San Joan Txikiak antolatzen, 17-18 urte zituztenetik.


«Auzoagatik egiten dugu; bizitza ematen dio»

Auzoari bizitza ematen diote Portuko jaiek, jai batzordeko kideen hitzetan. Mikel Leiza, Ju­len Lekuona eta Asier Eli­zondok hitz egin dute Kro­ni­ka­rekin. Auzotarrak oso gustora daudela garbi dute Portuko hiru gazteok: «Jendeak asko bizitzen du, au­zoari mugimendua ematen dio­lako. Inoiz ez dugu auzotarren keja bat izan, badakitelako hiru eguneko kontu bat dela. Eta urtero, auzotarrek dirulaguntza ematen dute, festa antolatzeko; eta urtetik urtera mantendu egiten da dirulaguntza hori».


Herritik gertu, eta aparte

Portu auzoak bere izaera du, eta bere giroa du. Kaletik ger­tu dago, baina aparte gera­tzen da, aldi berean. Horregatik, Portu auzoan, giroa ikusi egiten da, auzoko jendea bertan geratzen delako. Jai batzordeko koadrila ere betiko koadrila da, Portuko koadrila. «Gu ez ginan kalera igo ere egiten, 17-18 urte bete arte. Beti hemen­txe ibiltzen ginen». Eta festak an­tolatzen ere halaxe hasi ziren. «17-18 urterekin hasi ginen festak antolatzen».


«Egunez jende pila bat»

Hiru egunez izango da jendea aurten ere Portun, «eguraldiak lagun­tzen badu behintzat». Udarako azken festak izanda, jendeak beti izan du joera San Joan Txikietara joateko, bai egunez eta bai gauez. Azken urteetan eguneko festak jendetza biltzen omen du: «Umeentzat an­to­latzen diren ekitaldietan jen­de asko izaten da, pailazo, puz­garri, eta egia da, programazioan leku haundia ematen diegula. Egun guztian izaten da jendea, jende ezberdina: ostiralean herrikoak jaisten dira; gazteak eta betiko koadrila batzuk. Larunbat eta igandean ingurutik ere etortzen dira, eta auzokoak ere asko izaten gara». Gauean ere mugimendu polita izaten dute, kontzertuek erakarrita, batez ere: «bai, eta herritik gertu gaude, eta kotxe beharrik ez du jendeak».


Txosnan, bokatak, eta auzotarrak lanean

Txosnan etenik gabe aritzen di­ra lanean, eta beharrezko dute, diruz iritsiko badira. 50 lagunetik gora izaten dira, eta ez da arazorik izaten turnoak osatzeko. «Auzoan bizi direnak, bizitutakoak, denak animatzen dira». Edaria eta bokadiloak ematen dituzte, eta jendea gustora edukitzeko beste sekretu bat: «kristalezko basoan» zerbitzatzen dute. Azaldu!

«Ez da kasualitatea, Anoetan koheteak botatzen dituena Portukoa izatea» 

«Gustatu egiten zaigu soinua; egurra ematea». Por­tu­ko etxaferoak protagonismoa har­tzen dute, lehendabiziko egunetik. Aurten ere Zara­go­za­tik ekarri dituzte: «uzten duten haundienak; kalibre 50». Horietakoak dozena bat; eta etxafero normalak, 22 dozena. Igande gaueko traka izango da markak hautsiko dituena: 150 metro traka baitaude aginduak.
Gustoko dute soinua; eta ez da kasualitatea, beraz, San Joanetan etxaferoak botatzen dituena Portukoa izatea, «eta Anoetan, Realak gola sa­r­tzen duenean kohetea bota­tzen duena ere, Portukoa da».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!