BERE kasa moldatu ezin duten adinekoak etxean dituzten familientzako ikastaroa antolatu dute Ongintza patronatuak eta Foru Aldundiak, Familientzako prestakuntza izena duena. Ikastaro honen helburua da ezindutako adinekoak zaintzen dabiltzan familiako kideak gai honen inguruan orientatzea eta prestatzea. Ikastaroa Sendian programa zabalaren barruan kokatzen da, ezindutako adinekoak familian dituztenei laguntzeko sortutako programa.
Gai honen inguruko behar haundia familietan
Ongintza patronatuko gizarte laguntzaileek azaldutakoaren arabera, gai honen inguruan behar haundia dago familietan: ´urtean behin edo bitan egiten ditugu asanbladak familiekin eta ikusi dugu gai honen inguruan behar haundia dagoela. Ikastaro honek lagundu dezake familian gertatzen ari dena normaltasunez bizitzen, bakarrik ez sentitzen, eta batez ere gaixotasun baten ondorioek inor ez gainditzeko lagungarria izan daiteke`. Horrelako ikastaroetan asko ikasten dela diote gizarte laguntzaileek, ´esaterako gaixotasun bakoitza zer den eta nola tratatu behar den, dementzia, alzheimerra, eta abar` azaldu dute.
Izena emateko
Zerrendatuta dituzten 20 familiei karta bidali diete eta dagoeneko izena emanda daude. Hala ere, familian adineko ezinduak dituzten kideentzako irekia dago ikastaroa. Izena emateko: 943 55 78 54 (Antton edo Inma, gizarte laguntzaileak).
Ikastaroko egitaraua
Urriak 20, 15:00-17:00
Zer da pertsona dependientea eta zeintzuk dira bere arazoak? Zahartzea, ezinduak, dependentzia, bere osasuna, alderdi psikologikoa, zaintza, familiako kideak nola moldatu... (Oihana Lopez-Cordon, anbulatorioko medikua).
Urriak 24, 15:00-17:00
Lasaitzeko eta komunikatzeko teknikak. Zaintzaileak nola zaindu, norbere burua ezagutzea, tentsioari nola aurre egin, lasaitzeko entrenamenduak, pentsamendu ezkorrak ez izateko teknikak, komunikazioa dementzia bezalako gaixotasunen aurrean... Irakaslea: Arantxa Sein, Matiako psikologoa.
Urriak 26, 15:00-17:00
Alde sanitarioa, erizaintza eta laguntza teknikak. Eguneroko oinarrizko zaintza: janaria, garbitasuna, garraioa. Lehen sorospenak (primeros auxilios): erorketak, ultzerak, inkontinentzia, zorabioak... Etxea moldatzea: akzesoak, komona, sukaldea.. (Icavi Bikain, Diputazioko laguntza teknikaria).
Urriak 29, 15:00-17:00
Ingurura moldatzeko eta babeserako errekurtso sozialak. Inguruan dauden baliabideak, Sendian programa, eskatu daitezkeen laguntzak, boluntarioak, elkarteak... (Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta, gizarte laguntzaileak).
Urriak 31, 15:00-17:00
Alderdi legala eta etikoa. Ezintasuna eta tutela. Lege alderdi ohikoenak, lan arloan eragina, arlo fiskalean duen eragina. (Hurkoa Fundazioko kide bat).