Gaur hasiko da Kulturarteko Astea, eta datorren igandera arte jardunaldi desberdinak izango dira Hernanin, AMHER elkarte multikulturalak antolatuta. Gaur, San Joanetan etortzekoa zen Son de Rio Kubako taldea izango dugu, Plaza Berrin. Izan ere, San Joanetan etortzeko bisaturik ez zuten lortu kubatarrek eta gaur izango dugu ikusi eta entzuteko aukera, Kubako musika tradizionala. Chachacha, mambo, bolero, merenge, conga eta bachata doinu alaiak atsegin dituenak galdu ezineko zita du gaur.
Emakumea protagonista
Ostegunean, hitzaldia izango da emakume etorkinei buruz. Emakumea eta inmigrazioa da aurtengo Kulturarteko Astean landuko den gai nagusia eta hitzaldiak izenburu horixe du, Emakume etorkinak: Mundua Aldatzen duten abentura zaleak. Hizlaria Isabel Holgado Antropologoa eta Al Hanan Catalunya Elkarteko kidea izango da.
Ostiraletik aurrera, jai giroa
Ostiralean kultur arteko jaialdia izango da, arratsaldeko 17:00etan, Atsegindegin. Bertan txokolatada, jolas kooperatzaileak, ipuin kontalariak eta leku desberdinetako dantzak izango dira. Larunbat eta igandean, berriz, argazki erakusketa izango da, musikak lagunduta. Emakume etorkinen argazki eta testimonioak biltzen ditu erakusketak.
Egitaraua
- Gaur, urriak 15 Son de Rio talde kubatarraren kontzertua. 18:00etan, Plaza Berrin.
- Osteguna, urriak 18 Hitzaldia: Emakume etorkinak: Mundua Aldatzen duten, Abentura zaleak. 19:30etan, Biterin.
- Ostirala, urriak 19 Jaialdi multikulturala. 17:00etan, Atsegindegin.
- Larunbata-igandea, urriak 20 eta urriak 21 Argazki Erakusketa: Emakumea eta inmigrazioak, munduko musikak. 12:00etatik 14:30etara, Plaza Berrin.