Inor gutxik usteko zuen Gernikak Landaretik garaipena eramango zuenik, baina taldea indartu egin dute aurten bizkaitarrek, europar nazionalitatea duten lau argentinar ekarrita, eta nabaritu zen hori. Partidu oso berdindua izan zen eta bi taldeek izan zituzten irabazteko aukerak. Lehen zatia hernaniarrek aurretik bukatu zuten 12-10. Bigarrenean, 12-20raino joan ziren gernikarrak, baina etxekoek ez zuten etsi eta 18-20 jarri ziren eta irabazteko aukera ere izan zuten bukaeran, entsegu marratik oso gertu ibili baitziren hernaniarrak. Galduta ere, Hernanik berriz ere erakutsi du beste taldeek fitxaketak egin arren, etxeko harrobiarekin gerra emango dutela.
Hurrengoa Vigon
Hernanik Vigon jokatuko du datorren asteburuan. Hernaniarrek baja dezente dituzte, selekzioa eta lesioak medio, eta ea poliki-poliki jokalariak berreskuratzen dituzten.
«Aurrean gehiago izan dira eta hortik joan zaigu partidua»
Joxe Elosegi entrenatzailearekin hitz egin genuen partidu bukaeran eta Gernikako aurrealdea nabarmendu zuen. Aurrean gehiago izan ziren bizkaitarrak eta berak dioen bezala ´aurrean galduz gero atzean ezin da irabazi`. Hala ere Hernanik ez zuen partidurik bota eta azken momentura arte irabazteko aukerak izan zituen eta horrekin geratu zen Elosegi: ´galdu egin dugu bai, baina, aurrean gehiago izanda ere, ez gaituzte gainetik pasa eta irabazteko aukerak izan ditugu. Gainera pare bat hanka sartze egin ditugu eta hor joan zaigu partidua`. Etxean galdutako lehen partidu honek esnatzeko balio behar diela uste du entrenatzaileak eta garaipenaren bila joango dira datorren asteburuan Vigora.