Juan Mari Olano duela hilabete atxilotu zuten Donostian. Gaur egun Segovian dago espetxeratuta.
Askatasuna erakundeak hamabostean behin Hernaniko preso politikoen egoeraren berri ematen du, atal honetan. Oraingoan, Juan Mari Olanoren berri eman du.
Donostiako
manifestazioan atxilotua
Juan Mari Olano duela hilabete atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, urtero egiten den presoen aldeko manifestazioan, ´ekintza terroristen aldeko probokazioaz` akusatuta. Askatasunak azaldu du manifestazioan hainbat pertsona atxilotu zituztela: ´Ertzaintzak manifestazioa debekatzeko egindako erasoaldi bortitzean hainbat pertsona zauritzeaz gain, 6 lagun atxilotu zituzten. Atxilotu guztiak Donostiako Entzutegitik pasa ondoren aske geratu ziren, baina Olano atarian bertan atxilotu zuten berriz ere, Madrileko sasi-epaileen aginduetara. Beste behin ere, ustez Euskal Herria defendatzeko sortutako poliziak euskal herritarren aurka jardun zuen Espainiar Estatuaren morroilari` dio Askatasunak.
6 aldiz atxilotua
Olano Soton espetxeratu zuten irailaren 11n, ´isolaturik eta oso baldintza txarretan`. Hamar egunetara Segoviara transladatu zuten baldintza berdinetan. ´Segovian, bera da espetxe guztiko preso politiko bakarra, gainera isolamendu moduloan dago eta funtzionarioak soilik ikusten ditu`.
Askatasunak gogorarazi du 6garren aldia dela Olano atxilotzen dutela: ´Francoren garaitik hasi eta gaur egun arte egoera ezberdinak bizi izan ditu; 1978an 11 egun luzez inkomunikaturik, torturapean, komisaldegian egon ondoren, kartzelaratu eta berriro ere poliziaren eskuetara, komisaldegira, eraman zuten hainbat egunetarako. 1995 eta 1997an HBko Mahai Nazionalean politikagintzan aritzeagatik atxilotu zuten. 2003an eta orain, Euskal Herriak jasaten duen errepresioaren aurka lanean aritzeagatik atxilotu dute`.
Gaur egun, Segovian dago Olano. Askatasunak jakinarazi du, herritik 444 km.ra dagoela eta 56 euroko gastua duela bidaiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!