Leire Goñi
Ekonomia eta merkataritza gizakiaren garapenerako eta hazkunderako tresna izan dira beti. Baina azken hamarkadatan aldaketa ekonomiko handiak gertatu dira, gaur egungo eredu ekonomikora eta merkatu globalizatura eraman gaituztenak. Eredu horretan, dirua bera merkataritzarako produktua da, eta izugarri espekulatzen da. Mugak, aduanak... ireki dira mundu guztian zeharreko merkataritza ahalbidetu eta errazteko. Horrek ordea, batzuk izugarri aberastea eta besteak behartsuago izatea eragin du, eta multinazionalek botere handia lortu dute, ekoizle txikiei kalte handiak eraginez. Honi guztiari aurre egiteko mugimendua bada ordea, Bidezko Merkataritza izenez ezagutzen dena. Izenak berak ederki adierazten duen moduan, bidezkoa, duina eta zuzena den merkataritza proposatzen du. 1964. urtean egin zituen Nazio Batuen Erakundeak Merkataritzari buruzko lehen Jardunaldiak (UNCTAD), eta horietan, herrialde aberats eta behartsuen arteko erlazioak bidezkoak izateko lan egiten hasi ziren. Horixe izan zen Europa osoan hedatu den Bidezko Merkataritza mugimenduaren sorrera.
Bidezko Merkataritzaren
helburuak
Batez ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeak dira Bidezko Merkataritza bultzatzen dutenak. Europa osoan hedatutako mugimendua da, eta Hernanin bertan, zortzi-bederatzi pertsonak osatutako boluntario talde bat mugimendu horren alde lanean ari da. Gero eta zabalduago dagoen mugimendu honek helburu zehatz batzuk ditu: ekoizleak modu demokratikoan funtzionatzen duten kooperatiba edo erakundeetako kide izan daitezela, haurren esplotazioa ekiditea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, giza-eskubideak bermatuko dituen lan duina, ekoizleei ordaindutako prezioa bizi-baldintza duin bat izateko nahikoa izatea, kalitatea eta ekoizpen ekologikoa kontuan izatea, ingurumena babestea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko bitartekariak ekiditea, eta kontsumitzaileak erosten duen produktuaren berri jakitea. Lehenengo-Munduko kontsumitzaileak erositako produktuaren prezioaren eta Hirugarren Munduko ekoizleari ordaintzen zaion diru kopuruaren arteko tarte handi hori murriztu nahi da azken batean, eta langile esplotazioa ekidin. Izan ere, ekoizlearengandik eroslearenganainoko produktuaren bide horretan bitartekari lanetan aritzen diren espekulatzaileek lortzen dituzte irabazirik handienak. Gainera, globalizazioaren garaiotan, produktu merkeena saltzeko grina horretan produktuen kalitatea eta iraunkortasuna murrizten dira, ekoizleak esplotatu egiten dira eta ingurumena hondatzen da.
Urtean egun
bat baino gehiago
Bada gure egutegietan Bidezko Merkataritzari eskainitako egun bat: maiatzaren 13a hain zuzen ere. Hala ere, hau ez da urtean behin egin beharreko ahalegina. Urtean zehar jarraipena behar duen proiektua da, egunerokotasun bat behar duena, benetan bere helburuak lortuko baditu. Lourdes Lekuonak eta Kristina Iradik boluntario taldearen izenean hitz egin digute, eta beren ibilbidearen eta helburuen berri eman digute. Taldekideetako batzuk Misioetako taldean ibiltzen dira, eta bilera horietako batean izan zuten Bidezko Merkataritzaren berri. Hala, 2005. urtean, Nazioarteko Bidezko Merkataritza eguna aprobetxatuta, postu bat jarri zuten udaletxeko arkupeetan. Hernaniarrek erantzun ona eman zuten lehen azoka hartan, eta gehiago egitera animatu ziren. Boluntario taldea sortu zuten horrela, eta pixkanaka Bidezko Merkataritza zabaltzen ari dira. Mugimendu hau hernaniarroi gerturatzeko lehen saiakera haien ondoren, udaletxetik deitu zieten. Behemendi nekazal eta artisau azokan postu batentzako tokia libratu zen, eta eskaini egin zieten. Baina ez zuten hartu, ´talde txikia izanda, oso zaila baita astebururo postua prestatzea, helburu eta ahalmen txikia` baitute. Horrez gain, jende asko dago Behemendiko azokan postu bat lortu nahi duena, eta ez zieten ´aukera hori kendu nahi`. Hala ere, Behemendiko azoka honek jende dezente erakartzen duela aprobetxatuta, azoka horrekin batean Bidezko Merkataritzako produktuak saltzea erabaki zuten. Horrela, hileroko bigarren larunbatean postutxo bat jartzen du boluntario talde honek. Baina argi utzi nahi izan digute, ´boluntario talde bat garela, izenik eta ikurrik gabea`. Ez dute nahi jendeak beste erakunde edo taldeekin erlazionatzerik, nahasketarik izan ez dadin. ´Gaiarekiko interesa` duen boluntario talde honek hernaniarrak ere sentsibilizatu nahi ditu, eta ´Bidezko Merkataritza hernaniarrengana bertara gerturatu, eta fideltasun bat lortu`. Izan ere, ´herrian sentsibilizazio maila dezente handia` dagoela ikusi dute, baina ´gertutasun hori falta zela` ohartu ziren. Donostian badaude Bidezko Merkataritzako bi denda; bata Emausena, eta bestea, alde-zaharrean dagoen Kitzin denda. ´Hernanin ordea, ez zegoen horrelakorik, eta produktuak jendeari hurbildu nahi izan genizkion, Donostiaraino joan behar hori ekiditeko`, azaldu digute taldekideek. Lanaren emaitzekin pozik daude, hilean behin Plaza Berrin jartzen duten postu hori ´aprobetxatzen baitu jendeak, hilean zehar kontsumitzen dituen produktu batzuk erosteko`. Baina errealistak ere badirela azpimarratu dute. Izan ere, ´Bidezko Merkataritzako postuetan kafea, azukrea, rona, txokolatea, fruitu lehorrak, eztia... bezalako elikagaiak eta artisautza produktu batzuk saltzen dira, baina ez dago hileroko erosketa egiteko adina gauza`. Eta ez hori bakarrik, norberaren poltsikoan nabaritzen da prezioen aldaketa. Azken batean, edozein supermerkatutan saltzen diren produktuak baino garestiagoak izan arren, ´ekoizleak egindako lanaren truke merezi duen soldata duina lortzen du, eta kontsumitzaileak berriz, kalitatezko produktua`, eta hori ordaindu egin behar, noski! Gainera, produktuagatik ordaindutakoaren %0,7 Emausi bideratzen zaio, Hirugarren Munduan proiektuak martxan jarri ahal izateko, eta hemengo eskoletan eta beste hainbat tokitan jendea gaiarekin sentsibiliza dadin programak prestatzeko.
Sentsibilizazio hitzaldia
Orain arte horrelako hitzaldirik antolatu ez badute ere, jendea kontzientziatzea dute helburuetako bat. Horregatik, datorren asteazkenean, beste erakunde batetik etorritakoen eskutik hitzaldi bat izango da Hernanin Bidezko Merkataritzari buruz.
Lehen Mundukoa ere baden arazoa
OROKORREAN, mundu globalizatu honek ekarri digun eredu ekonomikoak eta merkatuak eragindako kalteak Hirugarren Munduan soilik jasaten dituztela uste dugu. Boluntario taldeak azaldu digu hemen ere jende asko kaltetzen duela. ´Behemendiko taldearekin merkataritza egiteko filosofia antzekoa dugu, bertako lehengaien ekoizleak ere kaltetzen baititu merkatu globalizatuak`.´Azkenaldian asko entzun dugu erregai ekologikoak ekoizteko lehengaiak beharrezkoak direlako garestitu direla azken hauek, lehen-gai eskaria handitu delako, alegia. Baina ekoizleek ez dute zentimo bakar bat gehiago ere ikusi`, azaldu digute boluntarioek.
Gaiarekin jendea sentsibilizatzeko zer egin behar den, eurek ere hainbat duda dituzte. Multinazional askok adibidez, Bidezko Merkataritzako produktua dela ziurtatzen duen FLO selloa aprobetxatzen dute euren produktuen marketinga egiteko. ´Saltzen dituzten produktuen %1 soilik bada ere Bidezko Merkataritzaz lortutakoa, guztiari jarriko diote selloa`. Jendearengana iristeko berriz, beste galdera batzuk sortzen zaizkie: supermerkatu eta denda arruntetan saldu, ala denda berezietan soilik saldu? Izan ere, supermerkatu arruntetan Bidezko Merkataritzako produktuak salduz gero, jende gehiagok ezagutu eta erosiko lituzke. Baina jendeak baloratuko al du beste produktuena baino prezio handiagoa den horren atzean dagoen kalitatea eta ahalegina? Eta zer nolako lan-baldintzak dituzte supermerkatu horietako langileek? ´Bidezko Merkataritzak, produktuak bitartekaririk gabe eta prezio eta kalitate duinean saltzeaz gain, irizpide batzuk ere jarraitu behar ditu`.