ONGINTZA Patronatuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin, bere kabuz moldatu ezin duen norbait etxean duten familientzako ikastaroa antolatu du. Ikastaroa Sendian programaren barruko ekimenetako bat da, pertsona dependienteen familiei orientazioa eskaintzea helburua duen programakoa.
Urriaren 22an hasiko da
Familientzako prestakuntza izenburua duen ikastaro hau urriaren 22an hasiko da eta hortik aurrera beste lau saio izango dira: urriaren 24, 26, 29 eta 31. Ordutegia honakoa izango da: arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara. Ikastaroan pertsona dependienteak tratatzen eta ulertzen irakatsiko dute, alde ezberdinak landuta: -Urriaren 22ko saioa: pertsona dependientea ezagutu eta izaten dituzten arazoak aztertuko dituzte. Irakaslea: Oihana Lopez-Cordon (anbulatorioko medikua). -Urriak 24: komunikatzeko eta lasaitzeko teknikak. Irakaslea: Arantxa Sein, Matiako psikologoa. -Urriak 26: alde sanitarioa, enfermeritza eta laguntza teknikoa. Irakaslea: Icavi Bikain (Diputazioko laguntza teknikaria). -Urriak 29: babeserako ingurura egokitzeko dauden errekurtso sozialen berri emango dute. Irakasleak: Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta, Ongintzako gizarte laguntzaileak. -Urriak 31: alderdi legal eta etikoen inguruko informazioa emango dute. Irakaslea: Hurkoa Fundazioko (Caritas) kide bat izango da.
Izen ematea
Ongintza patronatuak ikastaro honen inguruko informazioa bidali die postaz zerrendatuta dituzten 20 familiei eta hauek dagoeneko izena emanda daude. Horrez gain, norbaitek izena eman nahiko balu telefono honetara deitu beharko luke: 943 557854 (Inma edo Anttonen galdera egin).
Ikastaroak jarraipena
izango du
Ikastaroaren ondoren familiako kideentzako orientazio zerbitzu honek jarraipena izango du, taldekako laguntza psikologikoarekin eta banakako laguntza psikologiarekin.