AMHER elkarte multikulturalak kulturarteko astea antolatu du aurten ere, astelehenean hasita. Urtero aukeratzen dute gairen bat jardunaldi hauetan lantzeko eta aurten emakume etorkinen ikuspuntuan sakondu nahi izan dute. Iaz hegoaldeko mugaren inguruko astea antolatu zuten. Aurtengo jardunaldietan gogoetarako ekitaldiak antolatu dituzte, baina baita jai giroan ibiltzeko ekitaldiak ere. Astelehenean bertan, San Joanetan etortzekoak zen Son del Rio Kubako taldea izango da Plaza Berrin. San Joanetan etortzeko bisaturik ez zuten lortu kubatarrek, baina astelehenean Hernanin izango ditugu. Taldeak Kuba eta Karibe aldeko doinuak ekarriko ditu Plaza Berrira, chachacha, mambo, bolero, merenge, conga eta bachata, besteak beste, udazken giro bustia goxatzeko asmoz. Kontzertua arratsaldeko 18:00etan hasiko da.
Ostegunean hitzaldia eta
asteburuan jaialdia
Ostegunean Isabel Holgado izango da hitzaldia ematen. Emakume etorkinak: mundua aldatzen duten abenturazaleak izenburua du hitzaldiak, eta bertan emakume etorkinen egoera aztertuko dute. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin. Ostiral eta asteburuan jai giroa izango da. Ostiralean txokolatada, jolasak, ipui kontalaria, eta leku ezberdinetako dantzak izango dira, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Atsegindegin. Asteburuan, eguerdi partean musikaz lagundutako argazki erakusketa izango da. Erakusketa emakume etorkinen argazki eta testimonioekin osatu dute.