MOBILIZAZIO eguna deitua zegoen atzorako, azken atxiloketak salatzeko. LAB sindikatuak eguerdian kontzentrazioak deitu zituen Plazan eta Eziago eta Lastaola poligonoetan. Jende gehiena Plazan bildu zen, Errepresiorik ez! Euskal Herriak hitza eta erabakia!! lema zeraman pankartaren atzean. Lagun batzuk ere bildu ziren Eziago eta Lastaola poligonoetan, lema bera zeramaten pankartekin. LAB sindikatuak mobilizazio egun honetarako zabaldu duen manifestuan azken atxiloketak salatu ditu: ´azken operazio judizial eta poliziala ahalegin bat besterik ez da euskal independentismoa indargabetzeko. Dinamika honek ezker abertzalea zigortzea eta eztabaida zein egoera politikoa baldintzatzea du helburu` dio. Horrez gain dio eraso hauek ez direla ezker abertzalearen aurkakoak bakarrik: ´konponbide politikoa, Euskal Herriaren aitorpen nazionala eta borondate demokratikoaren errespetua exijitzen dugun sektore eta pertsona guztien aurkako eraso zuzena ere badira`.
Arratsaldean manifestazioa
Atzo eguerdiko mobilizazioez gain, iluntzean ere izan ziren, ezker abertzaleak deituta. Euskal Herria askatuta, Independentziari ateak ireki izan zen manifestazioko leloa.