Gaur hasiko da zine denboraldia Biteri kultur etxean, La Jungla pelikularekin. Azken urteetako moduan, ostiral larunbat eta igandetan izango dira helduentzako saioak: ostiraletan 22:30etan; larunbatetan 19:30etan eta 22:30etan, eta igandetan 19:30etan. Haurrentzako, berriz, larunbat eta igandetan izango da saioa, arratsaldeko 17:00etan. Asteburu honetan Shrek Tercero emango dute. Helduek ekainera arte pelikulak ikusteko aukera izango dute, eta haurren saioak Aste Santuan bukatuko dira. Azarotik aurrera Zine Kluba Datorren hiletik aurrera, asteburutako zinea ezezik, ostegunetan Zine Kluba ere izango da. Gabonetan geldialdia izango da Zine Klubean eta ondorenean jarraituko du berriz ere. Orain artean, urritik aurrera izaten zen, baina aurten luzeagoa izango da. Orduan ere aldaketa izango da, iluntzeko 22:00etan hasi beharrean, 21:30etan hasiko dira pelikulak. Filosofia berriz, lehengo bera izango da, oso komertzialak ez diren pelikulak ikusteko aukera izango baita ostegunetan Biterin.
Azken kurtsoan 7.000 lagunetik gora
Azken kurtsoko datuei begiratuz gero, heldu eta haurren artean 7.381 lagun pasa ziren Biteritik, edo hobeto esanda, 7.381 txartel saldu ziren, pentsatzekoa baita jende asko behin baino gehiagotan joango zela. Arrakastarik haundiena, berriz, Euskal Herrian sortutako pelikulek izan zuten: Kutsidazu bidea Ixabel izan zen ikusiena, 872 lagunek ikusi baitzuten; eta hurrengo ikusiena Nomadak Tx izan zen, 225 ikuslerekin. Jarraian daude Babel, Perez el Ratoncito de tus sueños, El Diablo se viste de prada edo El Perfume, hurrenez hurren.