Hernaniko EAEko udal taldeak kezkaz hartu ditu azken gertakari guztiak

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 11a, 02:00

Hernaniko EAE-ANVko Udal Taldeak prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara, azken egunetako gertakarien aurrean, herritarrei zenbait adierazpen helarazteko. EAE-ANVk idatzi hau bera eraman zuen Bozeramale Batzordera, baina oposizioko alderdiek beste testu baten alde egin zuten.

Kezkatuta
Honela dio EAE-ANVko prentsa oharrak: ´Alde batetik, kezkaz hartu ditugu azken gertakari guztiak, atzoko (herenegungo) atentatua zein joan den asteko atxiloketak, ikusten baitugu bizi dugun auzia konponbidean jartzeko aukerak alboratu egin direla eta aldiz indarkeria garai berri baten aurrean gaudela. PSOEk aukera ezin hobea galdu du eta ezker abertzalea akabatzeko apustu zoroa egin du, PNVk bere alderdi interesak babesteagatik bestaldera begiratzen duen bitartean. Proiektu independentistari gerra deklaratu diote. Garzonek, auto eskandalagarri baten bidez, ideiak kriminalizatu eta salbuespen-egoeran juridiko-politiko batean jarria du Euskal Herria, eta argi dugu, eraso hauen hurrengo jo puntua gure alderdia izan daitekeela. Gertakari hauek guztiak modu zuzenean eragiten dute Euskal Herriaren egunerokotasunean eta baita gure herrikoan ere. Horregatik guztiagatik, honelako gertakariak eta herri honetan pairatzen ditugun mota guztietako bortxazko adierazpenak modu estrukturalean gainditzeko prestutasun osoa agertu nahi dugu. Hau honela izanik ez gatoz bat zenbait alderdik gertakari hauen inguruan plazaraturiko ikuspegi mugatuko irakurketarekin. Ez da gaitzespen antzuetarako garaia. Herri honen etorkizunari begira konponbidearen alde lan egiteko apustua egiteko garai da. Hernaniko EAE-ANVren udal taldeak, askatasuna eta bakearen alde aritzeko apustua egiten du, beste behin ere. Gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratiko eta negoziatuaren bitartez. Euskal Herriaren aldeko borroka eskenatoki oso garrantzitsu batetara ekarri da. Definizio garaia da. Euskal Herriaren eskubideak bermatzen dituen marko demokratikorako proposamena mahai gainean dago. Indarkeria garai berri honen aurrean erantzunak argi eta burua hotz behar dugu`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!