Kontzentrazioa atzo Bilboko atentatua salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 11a, 02:00

Eudelek deituta Bilboko atentatua salatzeko kontzentrazioak izan ziren atzo Euskal Herriko zenbait Udaletxe aurretan eta Hernaniko Udaletxe aurrean ere bildu ziren EA, EAJ, EB, PSE eta PPko Udal zinegotziak, eguerdiko 12:00etan. Kontzentrazioen artean Galdakaokoa izan zen jendetsuena, Juan Carlos Dominguez zinegotzia bertan zela. Atentatuan zauritua Juan Carlos Dominguez Galdakaoko PSE-EEko Udal zinegotziaren bizkartzaina izan da.

Deklarazioa onartu zuen Bozeramaile Batzordeak
Atzo arratsaldeko 18:30etan, Bozeramaile Batzordea elkartu zen urgentziaz Udaletxean eta PSE-EE, EAJ, EA, EB eta PPko zinegotzien aldeko botoekin deklarazio instituzional bat onartu zen. Honela dio: ´Bat. Kondena eta gaitzespena azaltzea, asteartean, Bilboko La Peña auzoan izan zen atentatu terroristaren aurrean. ´Bi. Gure babesa eta solidaritatea azaltzea Gabriel Ginés eta bere familiari, eta azkar osatu dadila desio dugu. Hiru. Azaltzen dugu, demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako gizarte bat sortzeko herritarren borondatea eta konpromezua mespretxatzen dutela ekintza terroristek. Lau. ETAri eskatzen diogu euskaldunen nahia errespetatzeko, argi azaldua baita, eta behin betiko desegin dadila, eta armak entregatu. Bost. Deklarazio hau zabaltzea herri komunikabideetan eta Gipuzkoa mailakoetan`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!