Txotx denboraldia prestatzeko lehenengo bilera egin zuten urriaren 2an Udaletxean eta bertan Udal ordezkariak, Udaltzaingo ordezkariak, Kaxko auzo elkartekoak, sagardogileak, Berriak elkartekoak, tabernariak eta Tolare kofradiako kideak elkartu ziren. Denboraldi berriari begira zehaztu beharreko gaiak jarri ziren mahai gainean eta iazko denboraldiak utzitako emaitzak baloratu ziren. Komisioak jakitera eman du ikuspegi desberdinak azaldu zirela bileran, eta denak uztartzeko ahalegina egin behar dela orain, elkarbizitza posible egiteko. Azpimarratu dutenez, bizilagunek kexuak badituzte, eta dendari eta tabernariek lan egin behar dutela ulertuta ere, ordutegi murritzagoa eskatzen dute. Tabernariek, ordea, bestelako ikusmoldea azaldu dute. Puntu hauek mahai gainean geratu ziren lehen bileran, baina zenbait erabaki ere hartu ziren jakitera eman dutenez: tabernariek lizentziak zuzen dauden ikuskatzea, edota komun publikoak non dauden hobeto jakiteko argi letreroak jartzea.
Hurrengoa azaroaren 6an
Hurrengo bilera azaroaren 6an izango dute eta bertan alde guztiek egingo dituzte proposamenak. Marian Beitialarrangoitia Alkateak prentsa oharrean jakitera eman du, auzo elkarteko kideei esan diela, prest dagoela bizilagun batzar batera joan eta esaten dutena entzuteko, eta hala egitekotan dira azaroaren 6a aurretik. Alkatearen iritzian ´txotx denboraldiak onurak ditu herriarentzat, eta horiek bertako bizilagunen atsedenarekin nola uztartu da erronka nagusia`. Hala ere, iazko denboraldi bukaeran izan zen ´asaldatze kanpaina` egokia ez dela azpimarratu du ´gauzak bere onetik ateratzen direlako. Ikusi besterik ez daude Udaltzainen txostenak iazkoa hainbestekoa ez zela izan jabetzeko, asteburu zehatz batzuetan salbu`. Udalak dio adostu eta zuzendu beharreko gauzak badirela eta horietan jarri behar dela ahalegina.