Zer landuko da erotismoaren inguruko saioan?
Besteekin nola harremantzen garen aztertuko dugu, nola komunikatzen garen eskuekin, begiekin, nola hurbitzen garen besteengana... Gure gorputzetik abiatuko gara, ariketa praktikoak egingo ditugu. Gure gorputzean gordeta dauden izan ditugun bizipen erotikoak, horien aztarnak. Gure gorputzak adieraziko digu zerk sortzen digun exzitazioa, zerk beldurra, non jartzen ditugun mugak. Emakumeok orokorrean erotika global bateanmurgiltzen gara, hau da, guretzako erotikoa da komunikazioa, sedukzioa, gorputz osoko sentsazioak, baita emozioak ere. Emakumeon erotika ez da genitaleetara murrizten, gure genitalak ez baitira sozialki botere sinbolo bat. ez diegu hainbeste garrantzirik ematen.
Gure begirada eta gizonena ezberdinak dira. Guek ez dugu gizonaren gorputza zatikatua ikusten, edo gorputza bere izaeraz bereizten. Gizonek berriz askotan gure gorputza zatikatuta ikusten dute, eta ez bere osotasunean. Beraientzako ere hau muga izaten da. Berez, asko ez daude eredu horretan eroso, gizona dominantea den eredu horretan.
Nola bizi dugu erotismoa gure gizartean?
Modu murritzean bizitzen da, beldurrak nagusitzen direlako. Buruan ditugun irudi erotikoak gehienetan gizonen ikuspuntu dominante batetik abiatzen dira, hau da, gizonen plazer genitalerako pentsatuta daude, dominazioaren plazerrerako. Gizon asko ez daude gaur egun eredu horrekin gustora, baina hori da ikasitakoa eta zaila da ereduz aldatzea. Emakumeok dugun erotika ia ikustezina da. Emakumeek sexologoarengana jotzen dute orgasmoak ez dituztelako, edo desioa sentitzen ez dutelako. Gizonek, berriz, zakila gogortzen ez zaielako, edo azkar isurtzen direlako. Genitalitatea derrigorrezkoa bihurtu da, bereziki orgasmoa, eta beste erotismo formak gutxi lantzen dira. Bainan horiek dira emakumee gehien ezagutzen dituztenak, erotismo globala bat elikatu dutelako txikitatik.
Erotikak zer nolako garrantzia du pertsonongan?
Gu gara gure erotika. Hau da, guk nola seduzitzen dugun, nola erakartzen ditugun besteen begiradak, desiatuak sentitzen garen, desiatuak izatea merezi dugun, hau guztia mugitzen da gure erotikan, gure barnean. Hau guztia gorputzarekin adierazten dugu, nahita edo nahigabean. Agian ez dugu inor erakartzen, hori baita bidaltzen dugun mezua: nire gorputzak edo nire pertsonak ez duela merezi arreta. Edo ezetzaren beldurra dugulako, gure autoestima jokoan jartzen dugulako. Beraz, gure erotika aztertzerakoan geure burua hobeto ezagutzen dugu. Plazerrarekin bizi denak ber e burua gehiago maitatzen du. Gorputz guztiek, lodiek, txikiek edo haundiek, plazerra sentitzeko gaitasun mugagabea dute, eta gaitasun hori da pertsonak edertzen dituena. Bere plazerra ezagutzen duenak ez du bere autoestima jokoan jartzen ligatzerakoan, plazerra eskeintzen baitu, ez bilatzen.
Hartzen al dugu denbora plazerrerako?
Misterio bat dirudi, baina plazerra ez dago ia inoiz gure lehentasunen zerrendan. Ikastaroan plazerrari denbora eskainiko diogu, eta saiatu ere hori ohitura bihurtzen. Egunerokotasunean oso denbora gutxi eskaintzen diogu gure plazerrari. Gure gizartean produktibitatea nagusitzen da, gehienetan emakumeoak askoz denbora gehiago ematen dugu besteak zaintzen gure burua zaintzen baino. Baina guk hori merezi dugu, gure burua zaintzea, baina ez dugu hori aski.
Zer gabeziak ikusten ditugu gaur egun erotismoari dagokionean?
Badirudi erotismoa logelara mugatu dugula, eta harreman genitaleetara. Noski, harreman genitaletan izugarrizko plazerra bizitu daiteke, baina hori helburu bakarra denean beste guztia ahaztu egiten da. Txikiak ginenean askotan erotismo zabalago bat elikatzen genuen, laztanak aurpegian, ilean, bizkarrean, oinean... Lagunekin eskujokuak, besarkadak, baita bibrazioak aluan txirrindan ibiltzerakoan... Ez zegoen mugarik, plazerra helbururik gabe bizitzen genuelako, inor ez baitzigun esan hori sexuala zenik, eta beraz ez zen tabu bat. Orain beste herrialde batzuetara bidaiatzen dugunean piztu egiten gara. Denak sexu jokuetan ari direla iruditzen zaigu, erotismoa ‘airean’ baitago, usaintzen delako. Hemen ez, hemen zertxobait azeptikoagoak bihurtu gara. Beste herrialdeetan gizonek ere seduzitzen dute. Hemen badirudi beldur haundiagoa dagoela gizonen aldetik, nolabaiteko konfusioa ligatze eta erasotzearen artean. Eta dantza gutxi egiten dugu. Dantza egiterakoan gorputzak bere sentsualitatea adierazten du, bere plazerra, bere erritmoa. Dantza egiten ez den tokian gutxiago seduzitzen da, eta beraz, gutxiago ligatzen da.
Zer behar da erotikoa izateko?
Denak gara erotikoak, ez dugu ezer berezirik behar. Hori bai, ez bazaitu gustatzen geure gorputza orduan geure plazerra izkutatuko dugu. Ez badugu geure burua maitagarri ikusten, ez dugu sentituko beste bati gustatu ahal diogunik, eta ez dugu gure plazerra aldarrikatuko. Gure buruaz harro sentitu behar dugu gure modu erotiko propian agertzeko. Plazerra eskaintzea edo gorputza oparitzea ez da gauza bera. Emakumeok batzuetan hori egiten dugu, bestearen plazerrerako jokatuko, baina horrek ez gaitu aberasten, ez gara zoriontsuagoak ez badugu gure plazerra aldarrikatzen, gure beharra definitzen.
Edozerk balio al du erotismoan?
Bai, edozerk balio du adostua baldin bada, eta bien, hiruren edo bosten onerako baldin bada. Nik fantasia sadomasokista batekin jolastu dezaket bestea prest badago eta berarentzat ere plazerra bada. Baina, inor benetan mindu gabe. Fantasiarekin jolastu daiteke, baina errealitatearekin nahastu gabe. Fantasia errealitatearekin nahasten duenak erasotzailea bihurtu daiteke.
Ikastaroak zertan lagunduko digu?
Geure plazerra ezagutzen eta beraz geure burua zaintzen, edo tratatzen. Guk ere gure burua zaindu behar dugu, guk ez badugu zaintzen beste inork ez du egingo. Denak dugu plazerrerako gaitasun mugagabe bat, baina ezagutu eta baloratu egin behar dugu.
Erostimoaz gain, beste gai batzuk ere landu dituzu, ezta?
Gure artean bizi diren emakume etorkinen proiektuak, ametsak eta errealitatea aztertu izan ditut, eta liburu bat argitaratu horren inguruan. Emakumeen eta gizonen arteko harremanen inguruan hainbat lan egin ditut, hau da, generoarekin lotuak dauden gaiak landu, hori baita nire gustukoa, eta nire formakuntza. Generoan aditua naiz, eta generoa gure bizitzaren atal guztiak baldintzatzen ditu: harremanak, lana, ekonomia, pertsonen balorazioa. Erotismoan ere izugarrizko garrantzia du, horregatik erotismo master batean izena eman nuen. Emakumeon erotismoa ikustezina dirudi, baina hor dago, zoragarria da, eta guk ez badugu baloratzen inork ez du egingo gizonezkoen botere eredua nagusitzen baita gizartean.