Pelotariak: hainbeste bururentzat txapela gutxi aukeran

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 7a, 02:00

DESKANTSUA, oporrak, normalean baino lo gehiago egitea, herrietako festak, erreka, hondartza,… Denak dira udan bolo-bolo ibiltzen diren gaiak. Tipikoak dira. Tipikoak, hala nola, ETB-ko ostiral eta larunbat gauetako pelota partiduak ere, Euskitze eta Tolosarekin. San Fermin txapelketa ez bada, Amabirjin Zuriarena, eta bestela... Beti dago partiduren bat. Hor dabiltzan pelotariek bide luzea egin dute horra iristeko, enpresek jarritako inbutua pasa eta onenen artean egoteko. Eta bide bera egin nahian dabiltza Hernaniko Pilota Elkarteko pelotariak ere. Esatea erraza da, baina eginkizun zaila. Txapelketak irabazi, partidu piloa jokatu eta maila ona eman behar da, eta hori eginda ere, asko aurrera egin ezinda geratzen dira. Txapelketa faltarik behintzat ez dago udan. Horietan izaten dute beraien dohaiak erakusteko parada gure herriko pelotariek. Uda parteko eskuzko torneo entzutetsuenak, Diario Vasco txapelketa (nahiz eta ez udan bakarrik izan), Antiguakoa, Elgetako 4t´erdikoa, Errenteriakoa, Lezamakoa... dira beste askoren artean. Hernaniko Elkarteko pelotarientzat ordea, ez omen da emaitzen aldetik uda oso ona izan. Hori dio Rufino Rekalde arduradunak. Azpimarragarritzat jo ditu, nagusietan, Aitor Gorrotxategiren txapela Errenteriako binakako txapelketan, Antzuolako Mendizabal bikotekidearekin, eta Jon Leonet eta Iñigo Urkizuk lortutako Donostiako Euskal Jaietako txapela. Baita ere, kadeteetan, Ioritz Arrieta eta Aritz Otaegik Oñatin egindako papera (finalean galdu zuten). Ez omen dute lorpen handiegirik egin. Bai ordea Paul Ojuelek. Benetako erakustaldia izan dela esan digu.

Paul Ojuelek bi txapela
Esanda bezela, Paul Ojuelen azaña kontatu beharra daukagu. Bera izan da uda honetako Hernaniko pelotari destakatuena bi txapelarekin. Portuko gazte honek, lehenik, Donostian jokatutako Patxi Montes torneoa (31 de Agosto izenez ezagutua) irabazi zuen Unai Legarreta atzelari urnietarrarekin batera. Hasierako ligaxkan, Arretxe-Izagirre eta Elejalde-Apezetxea bikoteak kanporatu zituzten. Gero, finalerdietan, Beñat Aizpitarte hernaniarra eta Telletxea. Eta finalean, Zumaiako Iribar anai bixkiak menderatu 22-14. Bestetik, Bermeon jokatutako eskuz banakako 4t´erdiko txapela ere jantzi zuen, Alegria nafarrari finalean gailenduta. Ez da lan makala beraz Paulek egindakoa.

Bestelako modalitateak
Frontoi konbentzionaleko eskuzko partiduez gain, beste modalitate eta frontoi motetan ere jokatu dute hernaniarrek uda partean. Hemengo emaitza esanguratsuenak kontatu dizkigu Rufinok: batetik, Gasteizko Open Elite-an Unai Alvarezek eskuratutako txapela (trinketean eskuz binaka) eta bestetik, Manu Galarzarena, Gipuzkoako pala luzeko txapelketan lortutakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!