Aurreko aldian etorri zenean hitz egin zuen Kronikarekin Joxe Alkortak, Brasilgo Rio de Janeiro hiriko CCPL fabelan egiten zuen lanaren berri emateko. Fabelak behartsuen bizileku dira hein haundi batean, eta CCPL fabelen artean behartsuenetakoa da, Rio de Janeiro inguruan. Bertan sortu du tailer-eskola Alkortak, bertako neska-mutilei zerbait erakusteko helburuarekin; baina ez egur lanean edo bisuterian (tailerrean hori egiten dute gehienbat), oinarrizkoagoko beharrak ditu helburu: antolatzen erakustea, beren burua errespetatzen, dauden egoeran zergatik dauden azaltzea... eta oso nekeza den zerbait lortzea ere amestuko du barru barruan: neska-mutil hauei bide bat erakustea, bizitzan beste jarrera bat izateko helduleku bat. Gabezi guzti hori oso ulergarria da Alkortaren hitzetan, aurreko aldian esandakoa errepikatzen du: ´guk utzitako herentzia da jaso dutena`. Eta neska-mutilen disziplina ezagatik, arreta ezagatik edo gogo faltagatik helburuak ez lortzeak eragiten dio, baina zergatia ondo ulertzen du. Horregatik hartu du hartu duen bidea, neurri haundi batean. Proiektuak hasieratik izan dituen aldaketen eta aurrerako helburuen berri eman dio Kronikari Joxek, oraingo bisitaldian.
Irakaslea hartu
Hezkuntzan gabezi haundia dute gazteek eta horri heltzeko helburuarekin irakasle bat hartzeko asmotan da. Oinarrizko gauzak erakutsiko ditu irakasle honek, hezkuntzan duten gabezi horri erremedioa jartzen saiatzeko. 8-12 urte arteko gazteentzako klaseak izango lirateke, baina 3-8 urte artekoentzat haurtzaindegi moduko bat jartzea ere ari da pentsatzen.
Bisuterian ahalegina
Tailer-eskolan, egur-lan izan zen lehenengo egin zutena, Joxe Alkorta bera ebanista izan baita urte luzetan. Jarraipenik lortu ezinean ibili zen ordea, eta bisuteriako gauza txikiak egitea erabaki zuen. Irakasle baten laguntzaz hasi ziren neska-mutilak bisuteria gauzak egiten, ondoren taldean kalera atera (ondoko fabelatara adibidez) eta saltzeko. Diru hori guztientzako izatea da helburua, horrela pitxiak egiten ezezik, antolatzeak duen garrantzia ikasiko baitute. Horri helduko dio berriz ere Alkortak, baina maila haundiagoko pitxiak egitea lortu nahi luke ´horrela, kalean hobeto salduko bailirake`. Bisuterian badakien irakasle bat ere lortu behar du beraz, neska-mutilei pitxiak egiten erakusteko. Oinarrizko jana Brasilera bueltan, beste ideia bat ere gauzatu nahiko luke hernaniarrak, oinarrizko jakiak jendearen aukeran jartzea. Behar haundiko egoera horretan, orokorrean gaizki elikatzen da jendea eta arroza, babarrunak, makarroiak, olioa eta horrelako janak prezio merke batean jarri nahi ditu Alkortak: ´berezko prezioan. Hemen askotan dirurik gabe jendea etortzen da erostera eta jana fidatzen diote, gero %50 garestiago kobratzeko`, azpimarratu du.
Laguntza emateko aukera
Joxe Alkortak CCPLn egiten duen lanari laguntzeko kontu korronte bat irekia dago BBVA banketxean. Bera etorri dela aprobetxatuta, kontu zenbakia aldatu egin dute. Laguntza emateko prest dagoenak aukera du banketxe honetan laguntza emateko, berak derizkion kopuruan eta moduan. Hainbestean behin Kronika bidez jakin ahal izango da, egitasmoa zertan den, Alkortak berak emandako informazioaren bidez. Horrez gain, inor Brasilera balijoa eta CCPLko egoera ikusi nahiko balu, Joxe Alkortak gogo haundiz erakutsiko dio beren bizilekua (Brasil bertatik Alkortari deitzeko telefonoa 931-95386, eta hemendik deitzeko erantsi behar zaio 00 34 21): ´hango egoera ikusi nahi duten guztiei gogo biziz erakutsiko diet. Hori bai jakin behar dute nora doazen eta eta ez datozela jendeari eskua burutik pasatzera`.
Iparraldeko nekazal herrietatik hirira
Fabela haundi hauetako egoera ulertzeko beren bizitzari begiratu bat eman behar zaio: CCPLn bizi direnetatik asko Brasilgo iparraldeko herrietatik hirira joandakoak dira. Behar gorrian zeuden nekazariak, 6-8 urte zituztenean lanean hasiak terrateniente baten esplotaziopean. Alkortak berak azpimarratzen du guretzat ezinbesteko diren zenbait alderdi berak ez dituztela izan: eskolara joateko aukera, osasun zerbitzua, beren buruarekiko errespetua, biharko egunerako helburuak... ´eta txarrena dena, izateko eskubiderik dutenik ez dute uste`. Egoera horretatik ihesi hirira joandakoan miseria berean aurkitu dira, lan duin bat izateko aukerarik gabe eta orduan ahal dutenari helduko diote: droga trafikoa, bandalismoa, prostituzioa... eta hauen seme-alabak egoera horretan jaio dira. Joxe Alkortarentzat zaila da gazte hauekin lana egitea, baina ulertzen du zergatia; eta ulertzen duelako ari da bere egitasmoa aurrera eraman nahian, arnas bide bat izan lezaketela erakutsi nahian, beste bide batzuk badaudela erakusi nahian ´baina horretarako ikasi egin beharra daukate, lanbide bat ikasi, limosnei ihes egin, taldean antolatzen ikasi behar dute beren eskubideen alde egiteko`.
Kontu zenbaki berria
BBVA 0182 0323 89 0201518504