´Artearen adar desberdinak` enbor berean bilduko dira gaur Urbieta kalean

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 6a, 02:00

Artixten Topaketa izango da gaur Urbieta kalean, hasi goizean eta iluntzera arte. Norberak bere buruari artista deitzea ez da xamurra izan ohi eta horregatik jarri omen diote Artixta izena Hernani eta inguruko zenbait artista elkartuko dituen egitasmoari. Musikariak izango dira gaur parte hartuko dutenetako asko, normalean gauetan eta leku gordeagoetan beren emanaldiak egiten ohituak. Gaur kalean bertan izango da festa, ikusi nahi duen guztiarentzat. Horrez gain, pintura, dantza... izango dira aukeran.

Hiru gune desberdin
Hiru gune desberdinetan izango da gaurko festa. Eszenatoki haundia Urbieta kale bukaeran (Atsegindegitik begiratuta) jarriko dute. Sound System izena jarri dioten eszenatokia, berriz, Karobi aldera dagoen kioskoan egingo dute. Hor, arbola artean, bada kiosko txiki moduko bat, inoiz gutxi erabili dena. Gaur inauguratzeko aukera izango dute disko jartzaileek. Hirugarren gunea berriz kalean bertan egongo da eta hemen graffitiak, postuak, break dantzariak eta abar izango dira.

«Artearen inguruan gauzak egiten ditugun jendea gune batean elkartzea da helburua»

Aritz Usandizaga izan da egitasmo hau antolatu eta bultza duena eta Kronikari azaldu dio aspaldi zebilkiela horrelako zerbait egiteko asmoa buruan. ´Artearen inguruan gauza desberdinak egiten ditugun jendea, bakoitza bere aldetik ibiltzen gara, eta espresatzeko modu desberdinak gune berean elkartu  nahi izan ditut. Horrez gain, egunez gauzak egiteko nahia ere bada egitasmo honen atzean`.

Jendeari aukera
Zerbait egin nahi duen jendeari eskaintzen zaiona da azpiegitura, kalean gauzak egiteko: ´itzaleko artixtak aukerarik ez dute horrelako emanaldietarako eta jendearen esku jarri nahi izan da azpiegitura duina`. Parte hartzeko aukera nahi duen guztiari eman zaio, baina Aritzen hitzetan badira alor asko gaur Urbieta kalean izango ez direnak ´agian lehen aldia delako eta jendeak hau zer den oso ondo ez dakielako`.  Gaurkoak jarraipenik izango ote duen galdetuta, ´helburua ez da hori` erantzun digu hernaniarrak, baina ez du deskartatu ere egiten ´niri ideia hau gustatzen zait eta zergatik ez`. Gaurkoa nola ateratzen den ikusi beharko da lehenengo, lehen aldi honek zer arrakasta duen. yy

Eszenatoki haundia
12:00-13:00 Morau. 13:00 Dantza garaikidea
taldea. 17:00-18:00 Black Jicko. 18:00-19:00 Ania. 19:00-20:00 Impio.
Sound System gunea
15:00-16:00 DJ prest. 16:00-17:00 Jah Inity Sound Reggae Sound Systema. 18:00-19:00 Revolutionary Brothers. 19:00-20:00 Rap
abeslariak (Rapaula, Duran e.a.) eta Aritz
Sound System.
Kalean zehar
12:30-14:30 TTP taldea. 11:00-20:00 Graffitiak
17:00 Break dantzariak eta Aritz Sound System. Postuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!