Urriaren 17, 18, eta 19an izango da Antzerki Zikloa Biteri kultur etxean, hiru antzezlanekin: Bota Patsa!!!, Eguneko Menua eta Ama quiero ser lehendakari. Asteazkenarekin Txalo antzerki taldearen Bota Patsa!!! antzerkia ikusteko aukera izango da. Alex Ezkurdia da zuzendaria eta Iker Galarraga eta Joseba Uranga antzezle. Ostegunean, berriz, Eguneko menua ikusteko aukera izango du Biterira inguratzen denak. Francisco Montes da zuzendaria eta Ane Gabarain eta Lierni Fresnedo dira antzezleak. Ostiralean, berriz, Ama quiero ser lehendakari antzezlanak itxiko du Antzerki Zikloa. Aizpea Goenaga da zuzendaria eta Loli Astoreka, Ane Gabarain, Patxi Perez, Maribel Salas, Galder Perez eta Mari Cruz Melgosa dira antzezleak.
Sarrerak salgai astelehenetik aurrera Antzezlan guztiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira Biterin, baina sarrerak aldez aurretik hartzea komeni da, Antzerki Ziklorako sarrerak segituan bukatzen baitira normalean. Biteriko areto nagusiak 171 leku bakarrik ditu eta aldez aurretik saldu ohi dira sarrera guztiak. Biteritik jakitera eman digutenez, astelehen goizean jarriko dituzte sarrera erdiak salgai, 10:00etatik 12:00etara; arratsaldetik, berriz, beste erdiak jarriko dituzte, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Prezioak: umeak 1,5 euro eta helduak 3,5 euro.
Hiru antzezlan
BOTA PATSA!!!
Gillermok eta Balentinek gimnasioan egingo dute topo. Bata denbora pasa joaten da eta bestea lan bila dabil. Hala ere, biek helburu bera dute, sasoian egotea. Komedia arin eta atsegina da.
Txalo antzerki taldea. Zuzendaria: Alex Ezkurdia. Antzezleak: Iker Galarraga eta Joseba Usabiaga. Hizkuntza: Euskera.
EGUNEKO MENUA
Koipez betetako sukaldean, irribarre eta negar artean, Pepik eta Txelok beren tristura eta itxaropenik eza kanporatzen dute. Lehiaketa batean irabazi dezaketen bidaian dute jarria esperantza.
Dar-Dar Produkzioak. Zuzendaria: Francisco Montes. Antzezleak: Ane Gabarain, Lierni Fresnedo. Hizkuntza: Euskera.
AMA QUIERO SER LEHENDAKARI
Euskal Herriko familia bat, ama eta bost semez osatutakoa, bazkaltzera bilduko dira. Baina bilera honek familiako partaide guzien bizitza aldatuko du, egunkarian irakurriko duten iragarkiaren ondoren: ´lehendakari bila gabiltza`. Semeek herriko agintari izateko kandidatu izatea erabaki dute eta lehendakaritza lortzeko bidean, bakoitzak norberari ongien dagokion aukera politikoa hautatuko du.
Glu Glu Producciones. Zuzendaria: Aizpea Goenaga. Antzezleak: Loli Astoreka, Ane Gabarain, Patxi Perez, Maribel Salas, Galder Perez eta Mari Cruz Melgosa. Hizkuntza: Gaztelera.