MIKOLOGIA jardunaldiak antolatu ditu aurtengo udazkenean ere Urretxa mikologia elkarteak. Aurtengo nobedadeetako bat da aurten perretxiko argazki lehiaketa, aurrenekoz, formatu digitalean egingo dutela. Elkarteak jakinarazi du lehiaketako araudia urriaren 9tik 11ra bitartean jaso behar dela, Urretxak Kale nagusian duen lokalean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Argazkiak azaroaren 6tik 8ra bitartean entregatu behar dira, Torres argazki dendan. Argazki lehiaketaz gain beste hainbat ekintza antolatu dituzte aurtengo jardunaldietarako ere: urriaren 15ean hasiko den perretxiko argazki erakusketa; hitzaldia, urriaren 18an; Urdiaingo basoetara irteera gaztetxoentzat, urriaren 20an; bildutako perretxiko erakusketa, urriaren 21ean; eta argazki lehiaketako argazkien proiekzioa, abenduaren 12tik 14ra bitartean.