Ertzaintzak jakinarazi duenez, astelehenean S.P.D 25 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Hernanin, emaztea erasotzeagatik. Emakumezkoa haurdun dagoela ere jakinarazi du Ertzaintzak. Gizonezkoa atzo goizean utzi zuten epailearen esku.
Lehenago ere erasotua Ertzaintzak zehaztu duenez, astelehen iluntzeko 20:20ak aldera emakume baten deia jaso zuen erasoa salatzeko eta deia jasotako etxebizitzara gerturatu zen patruila bat. Bertan senar-emazteak aurkitu zituen eta emakumeak azaldu zuenez, bikotekidearekin eztabaida izan ondoren, honek jo egin zuen. Haurdun zegoela eta lehenago ere tratu txarrak jaso zituela ere esan zuen. Adierazpenak entzunda eta emakumeak aurpegian eta lepoan ubelduak zituela ikusita, senarra atxilotu zuten. Emakumea, berriz, Hernaniko anbulatoriora eraman zuten.
PSE-EEk Udalaren inplikazioa eskatu du
PSE-EEk bidalitako prentsa ohar baten bidez gertakari hau eta orokorrean etxeko indarkeria salatu du: ´etxeko terrorismoak sortutakoak emakume eta haurren kontrako bortizkeria eta heriotzen aurrean gure erabateko gaitzespena adierazi nahi dugu` adierazi du Jose Ramon Chicak, Hernaniko PSE-EEko bozeramaileak. Horrez gain, emakumeari eta bere familiari elkartasuna eta babesa helarazi nahi izan diote.
PSE-EEk Hernaniko Zerbitzu Sozialei informe bat eskatuko diela aurreratu du, ´ez baita tratu txarrak jasotzen dituen aurreneko aldia eta emakume honen egoera ezagutu nahi dugu`. Horrez gain, Hernaniko Udalari eskatuko diote kasu honetan akusazio partikular bezala aurkezteko ´emakumea bere behar guztietan laguntzeko eta eskura jartzeko baliabide tekniko, juridiko eta sozialak`.
PSE-EEk dio beharrezkoa dela instituzioen eta gizartearen inplikazioa gizarte osoari eragiten dion arazo honekin bukatzeko.