Sagastiyako plan partziala Gobernu Batzarrak eztabaidatuko du gaur

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 2a, 02:00

Gobernu Batzarra bilduko da gaur Udaletxean, arratsaldeko 18:00etan, eta gai zerrenda luzea dute mahai gainean. Puntuetako bat Sagastiyako plan partziala da, lehengo astean Hirigintza Batzordean eztabaidatu eta onartua. Sagastiyan babes ofizialeko 300 etxebizitza inguru ditu egitekoak Eusko Jaurlaritzak, baina tramitazio luzea geratzen da oraindik. Gaur plan partzialari behin behineko onarpena emanda, geratuko da behin betiko onarpena ematea, dagozkion tramiteak pasata, eta ondorenean onartu beharko litzateke urbanizazio proiektua. Gobernu taldeak azaldu duenez, nahi lukete 2009rako Sagastiyako obrak egiten aritzea, babes ofizialeko etxebizitzen beharrari erantzuteko proiektu garrantzitsua dela irizten baitiote.

Presoen Batzordea ere
gaur Gobernu Batzarraz gain, Presoen Batzordea ere gaur bilduko da udaletxean, arratsaldeko 20:00etan. Bi puntu izango ditu lehen aldiz bilduko den Batzorde honek: preso dauden hernaniarren fitxeroa osatzea izango dute gaietako bat eta preso dauden hernaniarrei batzordea osatu denaren eta dituen konpetentzien berri ematea izango da bigarren puntua.

Zerbitzu Batzordea atzo
Atzo arratsaldean, Zerbitzu Batzordea bildu zen udaletxean. AGITAX taxi elkarteak egindako igoera proposamena zuten mahai gainean eta onartu zuten 2008rako eskatutako % 2,3ko igoera. Bi tarifa izaten jarraituko dute taxiek eta horrela geratuko lirateke igoerarekin:

- 1 tarifa, 07:00-21:00. Bandera jaitsiera 2,95 euro; kilometroa 0,9208 euro; eta itxaron ordua 17,67 euro. 

- 2 tarifa, 21:00-07:00. Bandera jaitsiera 2,95 euro; kilometroa 1,475 euro; itxaron ordua 27,77 euro. Atzo erabaki zuten beste puntuetako bat Usoko-Epele -Errekan basoa ustiatzeko enkante publikoa deitzea zen. Herri basoak garbitzeko, egurrari prezioa jartzen zaio eta enkantea deitzen da. Aurreko enkantean ez zen inor aurkeztu eta baldintzak hobetzea erabaki zuten atzo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!