Noiztik nora izaten da Ramadana?
Urtero data ezberdinetan izaten da, aurten irailaren 13an hasi gara eta urriaren 12an bukatuko dugu. Urtero Ramadanaren data 10-12 egun atzeratzen da, beraz datorren urtean abuztu bukaeran hasiko gara.
Zer egiten da Ramadanean?
Garrantzitsuena da egunean zehar ez jatea. Taula bat dugu egunero noiz afaldu behar dugun esaten duena, eguzkiaren arabera kalkulatzen da. Gaur esaterako, 19:47etan hasiko gara afaltzen, baina Ramadaneko aurreneko egunean, adibidez, 20:23etan afaldu genuen. Gosaltzeko orduak ere baditugu, bihar 06: 37etan gosalduko dugu. Gosari eta afari artean ezin da ezer ere jan ezta edan ere. Horrez gain, senar emazteek ezin dute sexu harremanik izan, afal ondorena arte. Baraualdia egiten dugu, jateko ezer ere ez dutenek zer sentitzen duten jakiteko. Hala ere guk zorte gehiago dugu, afaldu egingo baitugu. Ramadana guretzat urteko hilabeterik garrantzitsuena da eta saiatzen gara ahalik eta gehien errezatzen eta Korana ahalik eta gehien irakurtzen. Gogoetarako hilabetea ere bada, norberak urtean zehar egin duenari buruz pentsatu eta gaizki egindakoa zuzentzen hasteko garaia. Korana idatzi zen hilabetea ere bada, horregatik ahalik eta gehien errezatzen saiatzen gara. Emakumeek deskantsua egin dezakete Ramadanean, hilekoa izaten dutenean. Diabetikoek eta tratamendua behar duten gaixotasunak dituztenek ezin dute Ramadanik egin.
Gogorra egiten al zaizue eguna jan gabe pasatzea?
Haurrei gogorrena eguna edaririk gabe pasatzea egiten zaie, eguna jolasten pasatzen dute eta egarria izaten dute, gosea baino gehiago.
Marokoko zer lurraldetik zatozte, zenbat denbora daramakizue handik kanpo?
Zer dela eta utzi zenuten jaioterria?
Maroko iparraldetik gatoz, bereberea naiz. Handik kanpo 2 urte eta bi hilabete daramakigu, Hernanin urte eta erdi. Semea gaixo nuen eta hori dela eta etorri ginen. Gero hona etortzean gustatu egin zitzaidan, seme-alabentzat aukera gehiago zeudela ikusi bainuen. Marokon ikasketak burutu ditzakezu, baina gero ez duzu lanik. Nere seme-alabengatik nago hemen.
Nola bizi duzue Ramadana jatorriko lekutik kanpo?
Seme alabek ohiturari eutsiko diotela uste al duzu?
Zaila da Islamari eustea, handik kanpo, ordutegian bada aldea, eta ez duzu mezkita ikusten, ezta jendea ere, hala ere erlijioa barruan daramagu, eta hemen jendeak errespetatu egiten gaitu. Telebistak ere laguntzen du, urrun dagoena gerturatzen baitu. Antena parabolikoa dugu eta badaude Ramadanaren inguruko telebista saio bereziak. Zaila izango da, baita ere, hemen hezitako belaunaldiek Ramadanari eustea, baina niri ez dit inork Ramadana egitera behartzen, eta nik ere ez diet nere seme-alabei behartuko. Haiek ni ikusten naute Ramadanean eta otoitzean, eta gustatu egiten zaie, haiek ere gauza bera egiten dute, ohiturari jarraitzeak etxeko heziketarekin zer ikusia du.
Jantzi ere modu berezian janzten zarete Ramadanean?
Zuk hainbeste polemika sortzen ari den zapia daramazu buruan...
Jabadour, galtza eta blusaz osatutako jantzia, eta Kaftan-a, pieza bakarreko soinekoa, janzten ditugu egun hauetan, erlijiora gehiago gerturatzeko. Nik Ramadanean buruko zapia erabiltzen dut, kalerako ere bai, baina bestela ez. Nere alabak jantzi beharko luke, baina ez du nahi eta bera erabakitzeko libre da. Nik ere, senarra bizi zenean, ez nuen janzten, ez zitzaion gustatzen. Neretzat zapiak emakumearekiko errespetua adierazten du. Islamak dioenaren arabera, emakume helduek beti eraman beharko genuke buruko zapia. Islamak dio emakumeek ez dutela atentzioa deitu behar, beren gauzak gorde egin behar dituztela. Etxean bakarrik erakutsi dezakete gorputza, senarrarentzat.
Islama terrorismoarekin parekatu izan dute ,
halako diskriminaziorik jasan al duzue zuek?
Guk ez dugu halako kontuekin zer ikusirik, saiatzen gara jendearengana gerturatzen erakusteko gauza on eta txarrak leku guztietan daudela. Ez dut presio hori nabaritu, jende guztiak errespetatu gaitu, inork ez nau gaizki tratatu eta ez didate ezer ere leporatu. Agian Madrilen ezberdina da, baina hemen ez zaigu halakorik gertatu.