Gipuzkoako txapelketako beste jardunaldi bat jokatu da joan den asteburuan, laugarrena, eta oraingoan hernaniarrek lortutako emaitzak ere ez dira batere txarrak izan. Sei garaipen lortu dituzte, denak eskuz, eta hiru porrot izan dituzte, bi eskuz eta bat pala motzean. Albiste txarrena izan da orain arte garaiezinak izan ziren Lizeaga kadetea eta Ezeiza-Zurutuza nagusiak izan direla partiduak galdu dituztenak, 18-14, eta 8-22. Kadeteari dagokionez, esan behar da oso itxura ona eman zuela Arratibelen kontra, galdu arren; ez zen horren ona izan nagusi mailako bikoteak eman zuena Lizardiren aurka.
Garrantzitsuenak irabazi
CD Hernanik helburu batzuk markatu zituen denboraldi hasieran, eta horiek betetzeko bide onean jarraitzen du. Kadeteetan eta jubeniletan txapelak dira helburu, eta bikote horiek irabazten jarraitzen dute; asteburu honetan Santxo-Aizpitarte II kadeteek 22-11, eta Arrieta-Otaegi jubenilek 16-22. Nagusietan, berriz, talde bat 1. mailara igotzea nahi du klubak eta hori lortzeko bidean, Esnal-Gorrotxategik irabazi egin zuten ostiralean 22-10 Bergaran.
San Sebastianek Iribarreni irabazi, partidu onean
Larunbatean Ioritz San Sebastianek Iribarren arrasatearrari irabaztea lortu zuen (22-20), oso partidu ona jokatuta. Klubetik nabarmendu dute partidua ez zela batere erraza, Iribarren iaz herri artekoa irabazi zuen taldean baizegoen (Arrasate) eta bera izan zen, gainera, pelotari destakatuenetako bat. Hala ere, larunbateko emaitzak ez ditu arduradunak ezustean harrapatu, atzelari hernaniarra ´oso ongi` dabil eta azkenaldian.