Iñaki Zelaiak Gipuzkoako bertsolari txapelketako sailkatze fasea gainditu du eta final laurdenetan izango da datorren urriaren 27an, Eibarren. Atzo gainditu zuen erronka, Hondarribian. Berarekin batera, Hodei Iruretagoiena, Josu Oiartzabal, Gorka Azkarate, Unai Gaztelumendi eta Nerea Elustondo. Plaza bat bakarrik segurua, eta huraxe Zelaiaren eskuetara joan zen, 272,5 puntu bilduta. Ereñotzuko bertsolariak Kronikari esan dionez, ´zailena pasa da` eta Eibarren ´dena emateko` gogoa dauka, orain lasaiago.
Gakoa, ofiziotan, eta sustoa, bukaeran
Ofiziotan egindako lana izan zen Zelaiarentzat atzoko saioa irabazteko gakoa, ´hor lehertu zen saioa`, eta bakarka egin zuen, aldiz, lanik txarrena, ´ez naiz batere ondo aritu` adierazi zuen. Hala ere, nahiko saio erregularra egin zuen ereñotzuarrak, bukaerako sustoa kenduta; azken bertsoko azken puntuan geratu egin zen, segundu batzuetan: ´behar baino lehen esan dut esan beharrekoa eta kieto geratu naiz`. Irabazi eta gero, dena den, anekdotatzat hartzen zuen gertatutakoa. Hurrengo saioan, Eibarren, Amaia Agirre izango du bertso lagun. Besteak zein diren erabakitzeko dago oraindik.
Gaztelumendi eta Oiartzabal, ondo
Hernaniko bertso eskolako beste bi kidek ere kantatu zuten atzo Hondarribian. Josu Oiartzabal errenteriarrak hirugarren egin zuen, 261 punturekin, eta Unai Gaztelumendi añorgarrak bosgarren, 254 punturekin. Gaztelumendiren kasuan, nahikoa meritua badu egindakoak, osasun arazoekin ibili baita azken hilabetean.
Sailkapena
1. Iñaki Zelaia 272,5 p.
2. Hodei Iruretagoiena 265,5 p.
3. Josu Oiartzabal 261 p.
4. Gorka Azkarate 259,5 p.
5. Unai Gaztelumendi 254 p.
6. Nerea Elustondo 254 p.