Giro ederra eta eguraldia lagun atzo Amnistiaren aldeko futbito txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 1a, 02:00

Azkenean hogeitamabi talde izan ziren Zubipen aritu zirenak. ‘Ez gaude denok’ ondarrutarrak irabazi zuten txapelketa eta ‘Txaranga’ añorgatarrak izan ziren finalistak.

Giro aparta eta eguraldi sanoa izan zituzten atzo Amnistiaren aldeko II. futbito txapelketan parte hartu zuten lagunek Zubipen eta Karabelen. Hogeitamabi talde izan ziren azkenean lehian, eta onenak eta sagardotegian afalduko dutenak Ondarroako ‘Ez gaude denok’ taldekoak izan ziren. Arratsaldeko 17:30ak aldera jokatutako finalean Añorgako ‘Txaranga’ taldeari irabazi zioten, 1-0, denok penaltiak botako zituztela uste genuenean (azken minutuan izan zen gola). Ondoren, Marian Beitialarrangoitia Alkatearen eskutik jaso zituzten bai batzuk eta bai besteak garaikurrak zein garagardo barrikak zintzurra bustitzeko. Goizeko 09:45ak aldera abiatu zen txapelketa eta launa taldeko zortzi ligaxkatan banatu ziren parte hartzaileak. Bakoitzak hiru partidu jokatuta hamasei hauek geratu ziren arratsaldeko kanporaketarako: Txaranga, Antiguotarrak, U.D. Petxugas, Txarlis, Kupela, The tilos, Katanga, Power Team, Monteiro askatu, Goizuetarrak, Sidreros go home, Azkenekuak, Sustraiak elkartea, Plaza Berri Team eta Hi xarpa!. Bazkalondorenean, talde hauek kanporaketak jokatu zituzten, zalego zabal baten aurrean. Aipatzekoa da egun osoan zehar jende asko ibili zela Zubipen.

Aurten lehenengoz Karabelen ere bai

Atzo Karabelgo zelaia ere erabili zen, Zubipeko biak eta atzeko zelaiarekin batera. Hogeitamabi talde lau ligaxkatan banatzeko, antolatzaileak Karabelgo zelaia erabiltzera ´behartuak` aurkitu ziren.

Eguerdian etenaldia Akolako omenaldiagatik

Eguerdi partean, 12:30ak inguruan, txapelketak etenaldi bat izan zuen, Akolako gainean hildako gudariei eskaini zitzaien omenaldiagatik. Omenaldiaren ondoren, jendea Zubipen elkartu zen berriz ere bazkaltzeko, eta arratsaldeko partiduak jokatu edo ikusteko. Bazkarian 330 lagun bildu ziren, bi txandatan, eta makarroiak, saiheskia eta brazo gitanoarekin hartu zituzten indarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!