Unai Alvarezek trinketeko Elite torneoa irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 30a, 02:00

Casado gasteiztarrarekin bikote eginda lortu zuen garaipena, joan den asteburuan. Pala luzean, Manu Galarza hernaniarrak Gipuzkoako txapelketa irabazi du, Landare klubarekin.

Unai Alvarez pelotari hernaniarrak sendo jarraitzen du trinkete modalitatean, eta beste txapelketa bat irabazi du, Elite bezala ezagutzen dena, hain zuzen. Txapelketa horretan Casado gasteiztarrarekin osatu du bikotea, eta jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte. Finalean Monreal-Zabaltza bikoteari 15-7 eta 15-7 irabazi zizkieten bi jokoak, eta ligaxkan jokatutako hiru partiduetan ere garaipenak lortu dituzte.

Pala luzean Galarza Gipuzkoako txapeldun

Manu Galarza palista hernaniarrak Gipuzkoako txapelketa irabazi berri du, 2. mailan, Garikanorekin. Finalean Altzatarrak-eko bikoteari 45-40 irabazi zioten. Bikoteak Errenteriako Landare klubaren izenean jokatu du eta taldea 1. mailara igo du. Galarzak CD Hernanik utzita jokatu du eta herenegun hasi zen berriz ere Hernaniren izenean Gipuzkoako txapelketan, pala motzean oraingoan, Ubarretxenarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!