Hernaniko xake taldeak txapelketa herrikoia antolatu du, Zumitza tabernaren laguntzarekin, urriaren 14tik abendura arte. Partidak Zumitza tabernan jokatuko dira igandeetan, 16:00etan, eta izena emateko ere tabernatik pasa beharko dute interesatuek, urriaren 7ra arte. Bi eurokoa da izen emate kuota.
Urritik abendura, eta ‘Suitzar’ sisteman
Partidak ondorengo egunetan jokatuko dira: urriaren 14an, 21ean eta 28an; azaroaren 11n, 18an eta 25ean; eta abenduaren 2an. 16:00etan hasiko dira eta partidak jokatzeko ordubete izango dute jokalariek. Jardunaldi bakoitzaren ondorengo asteartean jakinaraziko ditu antolakuntzak hurrengo jardunaldiko partidak. Erronda bakoitzeko partidak zehazteko ´Suitzar` sistema erabiliko dute, hau da, puntu berdintsuak dituztenen arteko partidak jarriko dituzte (irabazleak elkarren aurka, eta galtzaileak elkarren aurka). Sariak izango dira hiru onenentzat eta baita emakume onenarentzat ere.
Ahal bada behintzat igandetan
Antolatzaileek jakinarazi dute jokalariren batek ezin badu jarritako ordu edo egunean jokatu, izango dela aukera beste egun bat adosteko, beti ere, egun ofizialaren aurretik. Era berean, jokalari bakoitzak bi txanda pasa egiteko aukera izango du aurreneko bost partiduetan. Kasu horretan, eta beti ere astebeteko aurrerapenarekin abisatuz gero, puntu erdia emango zaio.
‘Suitzar’ sistema, inor ez kanporatzeko
‘Suitzar’ sistema da mundu osoko xake txapelketetan erabiliena. Sistema malgua da suitzarra eta bi dira bere oinarri nagusiak: batetik, lehiaketa berdinean maila haundiko jokalariak eta afizionatuak batzea posible dela, eta bestetik, jokalari guztiak bukatzen dutela lehiaketa, inor kanporatu gabe. Sistemak ez dauka sekretu haundirik: erronda baten ondoren jokalariak bere puntu berdinak (edo antzekoak) dituen beste batekin jokatzen du eta horrela errondaro. Horrela, jokalari arteko aldeak ez dira oso haundiak izaten.
1895ean sortua
Sistema hau Julius Muller-ek sortu zuen eta 1895ean erabili zen lehenengoz Zurichen. 1943an erabili zen estreinakoz AEBetan, 1965ean Ingalaterran, eta 1968an estatu espainiarrean. y