nahas Mahas azokak urte erdia bete zuen atzo, eta jende askoren artean ospatu zuten, ekitaldiz betetako goizean. Ekitaldi berezi gisa izan zituzten: Txan magoa; Lola’s Club musika taldea, Donostia Hiria Pop Rock txapelketa irabazi duena; Haize Orraziari egindako arte-lana, egin zuteneko 30garren urteurrena ospatzearren; eta pitxiak egiteko tailerra, berrerabilitako gauzak adorno bezala nola erabili ikasteko. Horrez gain, eta azoka honetan ohitura den bezala, herritarrek jarritako postu asko izan ziren, atzo ere. Jostailuak, liburuak, erropak, dekorazio gauzak... denetik jarri zuten atzo, Nahas Mahas azokan.
Era askotako postuak
Dendari bihurtutako herritar asko izan zen atzo Atsegindegin; baita ume-dendari mordoxka ere, antolatzaileek esan digutenez: ´beren gauzak saltzen dituzte, eta asko saltzen dute, gainera, umeek`. Bestalde, bidezko merkataritza postua ere jarri dute arduradunek.
Eskaera ugaltzen ari da
Nahas Mahas azoka sortu zutenean, antolatzaileek ez zekiten zein erantzun izango zuen, baina emaitza izugarria izan dela esan zioten Kronikari atzo. Jende asko inguratzen da azokara, bai erostera, baita postua jartzera ere. Postua jartzeko eskaera gero eta haundiagoa da eta dagoeneko itxaron-zerrenda bat egin behar izan dute. Datorren hilean ere izango da Nahas Mahas azoka, urriaren 27an, eta ordurako izena eman nahi duenak arduradunekin harremanetan jarri besterik ez du, edo EMAUS elkarteko telefono honetara deitu: 943 36 75 34.