´giro ezin hobea mendirako`. Hori zen atzo Hernaniko mugarri-zain berriek Kronikari errepikatu ziotena. Giro ezin hobea, eguraldiagatik eta koadrilarengatik esango zuten, noski. Umeen ibilbidean izan zen beti bezala jende gehiena, eta helduen ibilbidean gutxiago ibili ziren, baina ez horregatik giro txarragoan.
Umeen bidea
Umeen bidean, ume eta gurasoak animatu ziren, eta Oialumetik Epelerako bidea hiru bat ordutan egin zuten, mugarriz mugarri, eta hamaiketakorako geldituta. Hernanik Astigarragarekin egiten duen muga-zati bat ezagutu zuten, beraz, atzo: Oialume ingurua, Santiomendi aldea, Añua, Atxurro, Epelerreka eta abar.
Olazar, Urnietako ‘mingaina’
Helduek ibili luzeagoa egin zuten. Olazarren hasi, Amuela ingurura igo eta ostera Olazarrera jaitsi. Mugaz-muga eginda, guztira lau bat orduko ibilia. Hernaniko mapari begiratzen badiogu, bitxia da Urnietako lurrak Olazarrera nola iristen diren, zirrinda fin-fin bat irudikatuta. Hor ibili ziren hain justu, atzo, Urnieta eta Hernaniko mugetan.
Bidea garbi
Mugaz-mugako bidea ez da bide ofiziala izaten. Alegia, leku batzutan ez dela inor ibiltzen urte guztian. Horregatik, mugarri asko larrak jaten ditu, zikindu egiten dira, eta ez da izaten bertatik pasatzeko modurik. Mugarri Egunerako, horregatik, lan haundia egin behar izan dute, aurten ere, Hernaniko basozainek. Ibilbide guztia txukun-txukun utzi dute mendizaleentzat. Behar beharrezko lana, beraiena ere.