Txan magoa, Haize Orraziari omenaldia, musika eta abar gaur Nahas Mahas azokan

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 29a, 02:00

Sei hilabete bete ditu gaur azokan eta Emauseko arduradunek balorazio ona egin dute, ´milaka` lagun pasa direlako hilabeteotan Atsegindegitik. 11:00etan hasiko da.

Sei hilabete beteko ditu gaur Emausen Nahas Mahas azokak eta modu berezian ospatuko dute: Txan magoaren emankizunarekin, zuzeneko musikarekin eta baita ere Haize Orraziari egingo dioten omenaldiarekin, eskultura horren hogeitamargarren urteurrena dela eta. Hau dena, goizeko 11:00etatik 14:00etara izango da, Atsegindegiko plazan.

Haize Orraziari omenaldia eta bitxien tailerra

Gaur Haize Orraziari egingo dioten omenaldiaren barruan zenbait eskultura egin dituzte, denak berziklatutako materialarekin (kartoia, argazkiak, kobrea...). Omenaldi horrekin, aurten eskulturak hogeitamar urte bete dituela gogoratzearekin batera, Chillidak Hernanirekin duen lotura nabarmendu nahi dute. Bitxiak egiteko tailerra ere jarriko dute gaur Atsegindegin, baita ere erabilitako materialarekin, eta magia eta musika ikuskizunak izango dira. Txan magoa postu batean izango da, baina ez materiala saltzen, trukoak egiten baizik.

Balorazio ona

Begoña Cabaleiro Emauseko kideak esan digunez, balorazio ona egiten dute azokaren inguruan, ´milaka` lagun pasa direlako handik eta azoka erreferente bilakatu delako. ´Ezusteko positiboa` izan omen da jendearen erantzuna eta hilabete bakoitzeko azken larunbatean herritarrek postu asko jarri dituztela esan zuen, ´baita haurrek ere`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!