Iñaki Zelaiak kantatuko du bihar Hondarribian

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 29a, 02:00

Gipuzkoako Txapelketak gaur eta bihar izango du jarraipena, lau saiorekin. Gaur, Usurbilen eta Zumarraga-Urretxun izango dira saioak, baina ez da Hernaniko ordezkaririk izango. Bihar, Hondarribian eta Arrasaten ariko dira. Iñaki Zelaia izango da hernaniar bakarra, Hondarribiko saioan, baina Hernaniko bertso eskolako Unai Gaztelumendi añorgarra eta Josu Oiartzabal errenteriarra ere Hondarribian ariko dira. Zelaia, lehen ere Gipuzkoako bertsolari txapelketan oso gora iritsia da, eta 1995ean finaleraino iritsi zen. Bihar, kontrario gogorrak izango ditu, Nerea Elustondo legazpiarra batipat.

Hurrengo astean bukaera

Hurrengo asteburuan beste lau saio jokatuko dira eta horiek emango diote amaiera lehen faseari. Iker Osa eta Ibon Miner Errenterian ariko dira urriaren 6an eta beren saioa izango da lehen faseko azkena. Guztira, 72 bertsolaritik 23 sailkatuko dira aurrera eta orain lau urteko finaleko 7 bertsolariekin batean jokatuko dituzte final-laurdenak.

Asteburuko saioak

Gaur

Usurbil, Sutegi kultur etxea 18:00etan. Felix Zubia, Unai Muñoa, Karmele Mitxelena, Iñaki Petxarroman, Arkaitz Oiartzabal eta Iñigo Gorostarzu.

Zumarraga-Urretxu, Zelai Arizti, 18:00etan. Iker Zubeldia, Iban Urdangarin, Urko Egaña, Iñaki Apalategi, Beñat Iguaran eta Aritz Garin.

Bihar

Hondarribia, Amuteko kultur aretoa, 17:00etan. Nerea Elustondo, Iñaki Zelaia, Unai Gaztelumendi, Hodei Iruretagoiena, Gorka Azkarate eta Josu Oiartzabal.

Arrasate, Kultur etxea, 17:00etan. Aitor Sarriegi, Ainhoa Agirreazaldegi, Asier Iriondo, Iker Goñi, Aitzol Barandiaran eta Ander Lizarralde.

Hurrengo asteburua

Urriak 6 Ataun, Herri Antzokia.

Getaria, Iturzaeta H.E. antzokia.

Elgeta, Kafe antzokia.

Errenteria, Errenteria Hiria K.G.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!