Hirigintza Batzordea bildu zen asteazkenean Udaletxean eta hiru gai nagusi aztertu zituzten besteen artean: Apeadero aldetik Kaxkorako igogailua, Santa Barbarako proiektua eta lokalak etxe bihurtzeko egitasmoa. Apeaderoko igogailuaren gaiak eztabaida sortu du eta Gobernu Taldeak erabaki du IGELAR enpresari eskatzea ubikazio berri bat aztertzeko, oraingo kokalekuan baino merkeago eta egokiagoa izan litekeela uste baitu: ´kokalekua Pana Parke ingurutik izanez gero, Karabelgo auzoari ere irtenbidea emango genioke eta Plaza Berri aldera bideratu, eta Udal lurretan barrena, gainera`. Gobernu Batzarrak eman behar dio aurrera bidea orain.
Santa Barbarako proiektua
Santa Barbarako harrobia eta mendia babestu, berreskuratu eta paisaia berritzeko proiektuari buruz ere hitz egin zuten Hirigintza Batzordean. Azterketa egin zen bere garaian eta proiektua egiten ari dira dagoeneko. Gobernu Taldeko kideek jakitera eman dute, zehatzago ezagutu nahi dutela proiektua zertan den eta behin betiko proiektuak beren proposamenak ere biltzea nahi lukete. Aspaldiko gaia da Santa Barbarakoa, baina badirudi aurrera bidean dela.
Lokalak etxebizitza
Lokalak etxebizitza bihurtzearen gaia ere aztertu zuten Hirigintza Batzordean. Erabaki dute ordenantza arrunt moduan onartzea eta horretarako ordenantza prestatu eta Plenoak onartu beharko du. Dagoeneko egina dagoenetik abiatu eta ordenantza berria prestatuko dute udal arkitektoek. Marian Goitialarranbeitia Alkateak jakitera eman du urte bukaera ingururako agian egon litekeela ordenantza onartua, udal arduradunak adostasunera iristen badira. Alkateak itxaroteko deia egin die herritarrei: ´inor lokalak etxe bihurtzeko asmotan bada, itxaroteko gomendioa luzatzen diot ordenantza onartu arte, gaur egun ez baitago baimenik lokalak etxe bihurtzeko`.
Eguzki panel fotovoltaikoak
Asteazkeneko Hirigintza Batzordean aztertutako beste gaietako bat eguzki plaka fotovoltaikoena izan da. Ahal den Udal eraikinetan eguzki panelak jarri nahi ditu Udalak eta EBEk azterketak egin behar ditu. Oraingoz badirudi, Udal eraikinetan, Biteri kultur etxeko teilatua eta Udal euskaltegiko eraikineko teilatua jo dituztela egokiak eguzki plakak jartzeko.
EA: «EAEk igogailuaren proiektua bertan behera geratzea nahi zuen baina horrek ez du korporazio gehiengoaren babesa lortu»
APEADEROTIK Kaxkorako igogailuaren gaiaren inguruan, Eusko Alkartasuna alderdiak dio udaleko gehiengoak (EA, EAJ, PSE, EB eta PP) igogailuaren alde egiten jarraitzen duela eta horren alde bozkatu zutela Hirigintza Batzordean, ´EAEko lau zinegotziek tokia eta kapazitatea, 15 lekuko igogailutik 8ra pasatzea, hausnartzea planteatu zutelarik`. EAk dio EAEk proiektua bertan behera geratzea nahi zuela, baina ez duela gehiengoaren babesa lortu. Gehiengoak igogailua egitea premiazkoa ikusten duela eta, behar diren kudeaketak martxan jartzeko ´dagoeneko aitzakiarik` ez dagoela azpimarratu du Eusko Alkartasunak, eta ´orain EAEri dagokio, Tokiko Gobernu Batzarra osatzen duen alderdi bakarrari, korporazio gehiengoaren borondatea gauzatzea, atzerapen eta aitzakiarik gabe.