«Murga bost egunez inkomunikatua eduki zuten eta tortura latzak salatu zituen»

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 29a, 02:00

Andoni Murga Zenarruzabeitia 1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak. Egun Valladolideko Villanubla espetxean dago, Euskal Herritik 354 kilometrotara.

Askatasuna erakundeak Andoni Murga Zenarruzabeitia preso hernaniarraren berri eman du, hamabostean behin Kronikara bidaltzen duen prentsa oharrean. Askatasuna, Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da.

1996an atxilotua

Andoni Murga bilbotarra Hernanin bizi zen 1996an atxilotu zutenean. Abuztuaren 17an atxilotu zuen Guardia Zibilak ETAko kide izatea leporatuta eta bost egun inkomunikatuta eduki zuten. Askatasunak gogorarazi du, epailearen aurretik pasa zenean ´tortura latzak` salatu zituela ´eta hala ere Valdemoron espetxeratu zuten`. Geroztik espetxez asko mugitu dute, besteak beste Soto del Real, Navalcarnero eta gaur egun dagoen Valladolideko Villanublara.

Baldintza murriztuak

Askatasunak salatu du euskal preso politikoei lehenengo gradua ezartzen dietela ´Euskal Preso Kolektiboaren aurkako mendeku politika dela eta` eta horren ondorioz espetxeko baldintzak murrizten dizkietela: ´patio ordu gutxiago dauzkate (Andoniren kasuan 3 ordu egunean); 10 laguneko zerrenda aukeratu behar dute bisitetarako; komunikazioa eta paketeak interbenituak dauzkate, hau da, eskutitz guztiak, jaso eta bidaltzen dituztenak, epailearen eskutatik pasatzen dira eta telefono deietan eta bisitetan esandako guztia grabatzen dute. Paketeen kasuan ere murrizketak jasaten dituzte, murrizketa hauek inongo irizpiderik gabe gertatzen direlarik, aste batean argazkiak jaso ditzakete eta hurrengo astean ez, batzuetan pisu muga dago eta besteetan ez...` Guzti hau mendeku politikoaren ondorio dela dio Askatasunak eta bide horretan ahalegin haundiena dispertsioa dela azpimarratu du. Andoni Hernanitik 354 kilometrora dago eta bidaiaren kostua 90 eurokoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!