Helduak eta umeak mugarrien inguruan bilduko dira gaur

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 29a, 02:00

Goizeko 8:30etan da zita Gudarien Plazan. Bi plan aukeran Mendiriz Mendik antolatutako aurtengo Mugarri Egunean: helduek Olazartik Amuelarakoa egin dezakete, eta atzera Olazarrera bueltatu; umeentzako berriz, motzagoa da ibilbidea, baina ez okerragoa: Oialumetik abiatu Añuan barrena segi eta Epelen bukatuko da. Bidean gosari eder bat eta Hernaniren mugarriak ezagutzeko aukera izango dute animatzen diren mendizaleek. 1990ean hasi zen Mendiriz Mendi ibilaldi hau antolatzen eta mendizaleen agendan egun seinalatua da dagoeneko.

Hanka bat Hernanin eta bestea kanpoan. Sentsazio arraroa sortzen da muga baten ondoan jartzean. Herri barruan egon daiteke pertsona eta pauso bakar bat emanda Astigarragan edo Urnietara pasa. Agian sentsazio hori nabaritzeagatik izango da, edo besterik gabe herria non hasi eta non bukatzen den jakin nahi dutelako; baliteke menditik ibiltzeko aitzakia besterik behar ez izatea. Kontua da urtero jende asko joaten dela Mugarri Eguna ospatzera. Mendiriz Mendi elkarteko kideek antolatzen dute iraileko azken larunbatarekin batera. Hernanik inguruko herriekin bat egiten duen tokiak ezagutzeko aukera paregabea da eta aurten hemezortzigarren urtez antolatu dute. Adinez nagusia da honezkero. Ohitura bihurtu da. Urtero bezala, bi ibilbide nagusi izango ditu aurtengoan ere: helduentzako modukoa bat eta bestea berriz, umeentzat propio prestatua. Aurrenekoan parte hartuko dutenek Olazartik Amuelarako bidea egingo dute, eta berriro ere Olazarrera itzuliko dira; umeentzako prestatutakoa Oialumetik abiatuko da, Añuatik segiko du eta Epelen bukatuko da. Mendiriz Mendiko kideek esan dutenez, ibilbidea ez da oso gogorra izango helduen kasuan, ezta umeenean ere. Bizpahiru ordutan egiteko modukoa dela azaldu dute. Goizean mendirako bidea hartuko dutenek sabela berdintzeko aukera ere izango dute 10:30etan emango den gosariari esker.

1990ean hasi zen ohitura

1990. urtean antolatu zen aurreneko aldiz Mugarri Eguna. Mendiriz Mendiko kideek azaldu dutenez, garai batean herria mugatzen zuten harriak non zeuden jakiteagatik eta historia berreskuratzeagatik antolatu zuten lehenengo aldiz ibilaldi hau. Hernanik Donostia, Astigarraga, Urnieta, Lasarte-Oria, Orereta, Arano eta Elduainekin egiten du muga, baina mugarriak zehazki non dauden jakitea ez da zazpi herri horien izenak esatea bezain erraza. Eta orain auntzaren gauerdiko eztula ez bada, duela hemezortzi urte askoz zailagoa zen. Abentura baten modukoa izan zen hasieran. Mendiriz Mendiko kideek azaldu dutenez, aurreneko urtean Hernaniren perimetroa taldeka ikusi eta zazpi zatitan banatu zuten. Gutxi batzuen artean egindako lana izan zen, eta egun osoa mendian pasa behar izan zuten tajuz bukatu ahal izateko. Lehenbiziko irteera hura nahiko gogorra izan zen mendizale elkartekoek gogoratzen dutenez, mugarri batzuk non zeuden ez zekitelako seguru. Planoa eta aitzurrarekin jo zuten mendira, eskura zegoen dokumentazioa kontsultatu ondoren. Izan ere, mugarri bakoitzaren inguruko dokumentu zahar ugari dago eta ezinbestekoa izan zitzaien haiek begiratzea aurreneko Mugarri Eguna antolatzeko. Geroztik, Hernaniren lehenengo urtean egindako zazpi zati horietako bat aukeratu izan da ospakizunerako. Horrela, kapritxoa duenak zazpi urtean joanez gero, herri guztiaren mugak ikus ditzake, aldiro gehiegi nekatu gabe.

Umeentzako propio prestatutako bidea

Aurreneko aldiz buelta osoa egin ondoren buelta lasaiagoak egitea komenigarria zela pentsatu zuten Mendiriz Mendin. Ez helduentzako bakarrik gainera, hurrengo urteetan beti prestatu izan baita propio umeentzako ibilbidea ere. Horrek jendea erakartzen lagundu du, askotan helduak bere kabuz ez direlako mendi-irteeretara joaten, baina umeekin joanda gehiago animatzen dira. Horrek hasierako planteamentua aldatu du: umeak ez dira normalean zazpi urtez segidan joaten irteera hau egitera, eta beraientzat prestatutako bidean mugaz muga joan ordez, gutxi gora behera ahal den gehiena erakusten saiatu izan dira Mendiriz Mendikoak. Bihar adibidez, Hernanitik Oialumera abiatuko dira oinez, handik goruntz joango dira, Añua inguruan ibili eta Epelerrekara jaitsi. Autobusa Irubiden izango dute zain. Entretenituagoa izan dadin mugarrien bila ibiliko dira umeak mapa txikia eskuan. Aurkitzean gometxekin markatuko dute. Guztira hamasei izango dira bilatu beharko dituzten mugarriak eta denak aurkitzen dituenak sariren bat ere izango du.

Basozainaren lana, behar beharrezkoa

Inor ibiltzen ez den mendiko bidea larrak jaten du goizago edo beranduago. Horregatik garrantzia berezia hartzen du basozainaren lanak. Bere esku egoten da askotan mendiko bideak txukuntzea, horrelako ibilaldiak prestatzen direnean arazorik ez edukitzeko. Mendiriz Mendi elkarteak azaldu duenez, aurtengo ibilbidea prestatzeko basozainaren laguntza inportantea izan da. Erreka pasa beharra dute Añuan eta prestatuta ez baldin badago ezinezkoa izango litzateke gurutzatzea. Horrelako plana antolatzeak aurretik lanak hartzea eskatzen du. Bidea zer moduz dagoen ikusi, norabideak zehaztu, nonbait moztuta geratzen diren bideak garbitu... Ezin da ezer utzi inprobisatzeko, batez ere kontuan izanda gaur talde haundia ibiliko dela bertatik. Horregatik, antolatzaileak aurreko asteetan bidea zer moduz dagoen begiratzen ibili dira. Azaldu dutenez, lehengo larunbatean Olazar eta Amuela inguruak nola dauden ikusten aritu ziren eta lana txukun eginda dagoela azaldu dute. Helduentzako bidea ondo garbituta dago, inolako problemarik ez izateko moduan.

Lurrazpian gordetako altxorra

Altxorraren antzera, oso zaharrak diren mugarriak lurrazpian gordeta aurkitu izan dituztela azaldu dute Mendiriz Mendiko kideek. Batzuk galduta daude, erorita besteak; ez da zaintzeko lan handirik egiten. Gaurkoa bezalako irteerek horretarako ere balio dute: aurreneko urtean adibidez, planoetan azaltzen ez ziren mugarriak aurkitu zituzten, desagertuta zeudenak.

Urnietako muga, luzeena

Mugarriak bisitatzeak dauzkan bitxikerien artean, herriaren mugarik luzeena dago. Hernanik Urnietarekin du kilometro kopuru haundiena mugan: Santa Barbara atzekaldean dagoen Arkaitzpe baserrian dago bi udalerrien arteko mugaren hasiera. Bukaera ikusteko berriz, urruti joan beharra dago, 12 kilometro inguru, Argarateko Haitzetaraino, Zaburu aldean.

Urkia, mugarriaren betiko laguna

Gaurko mendi buelta egiten dutenek igarriko dutenez, Hernaniko mugarri askoren inguruan urkiak daude landatuta. Bere garaian lurrak mugatu zituztenek ondo pentsatuta hartu zuten zuhaitz horiek jartzeko erabakia. Izan ere, urkiaren enbor zuriari esker, posible da lurraren mugapena distantzia luzeetatik ikustea, harritik harrira joan beharrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!