Petritegik irabazi du bigarren urtez jarraian Kizkia taldeko sagardo txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 27a, 02:00

Atzo jokatu zen Kizkia taldeko sagardo txapelketa eta hogei sagardotik sei onenak probatu zituzten inguratu zirenek.

hernani eta Astigarragako Kizkia taldeak sagardo txapelketa jokatu zuen atzo Astigarragako Gure Izarra elkartean, eta Petritegiko sagardoa bereizi zuten onena, inguratu ziren aditu eta sagardogileek. Bigarren Rezola izan zen puntu erdira, eta hirugarren Eula, puntu batera.

Hogei sagardo txapelketan

Aurtengo txapelketan hogei sagardotegik hartu dute parte, eta horietatik sei pasa dira finalera, kanporaketetan hala erabakita. Finalera pasa diren sei sagardotegiak izan dira: Petritegi, Rezola, Eula, Barkaiztegi, Otsuaenea eta Gurutzeta. Denek primerako sagardoak eraman dituzte aurten ere. Antolatzaileek azpimarratu dute, denen gainetik, urtero izaten den maila ona, txapelketak iraun duen bitartean gozatutako guztia, eta sagardo guztien arteko berdintasuna.

Giro ezin hobea

Egun polita izaten da urtero finalekoa. Eguerdian, bazkaritarako elkartzen dira Kizkiako arduradunak eta sagardotegietako ordezkariak, eta epaile izendatutakoez gain, gainerako guztiek ere puntuatzen dituzte banaka-banaka ateratzen diren sagardoak. Lehendabiziko bueltan arraiarekin eta bigarren bueltan haragiarekin probatzen dira sei sagardo sailkatuak. Ez da denen gustua berdina ez, ordea, eta jokua ematen du horrek bataren eta bestearen arteko aldeak ikusteko eta komentatzeko. Sagardoari begiratzeko beste modu bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!